EHLGk 13 urte bete ditu sektorearen geroa bermatze aldera akuilu lana egiten
Laborantza Ganberak hamahirugarren urtemuga ospatuko du gaur, Ainhize-Monjoloseko egoitzan. Hamarkada luze honetan Ipar Euskal Herriko laborarien aldeko lan eskerga burutu du ganberak.
Euskal Herriko Laborantza Ganberak egun osoko egitaraua prestatu du bere 13. urtemuga ospatzeko. Goizean, urteko batzarra eginen dute, eta bertan iazko bilana aurkeztu eta hasi berri den urteari begira ganberak dituen asmoak aurkeztuko dituzte. Horretaz gain, ganberaren bultzadapean sorturiko behatokiak bere txostena aurkeztuko du, laborantzak Zuberoan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean duen itzalari neurria emanez.
«Lan hori hautetsiei aurkeztu ondoren pentsatu dugu agian interesgarria zela laborariei ere erakustea. Horregatik, gaur, ardi eta behi sailei dagozkien xifrak azalduko ditugu», erran dio GARAri Benat Molimosek. Francis Poineaurekin batera berak betetzen ditu gaur egun EHLGko lehendakaritzako funtzioak.
Molimosek asanblean finkatuko dituzten helburu nagusiak laburbildu dizkigu. «Bere sorreratik egin duen bezala, ganberaren xede nagusia laborariei babesa ematea da, horrekin batera, etxaldeen transmisioa da beste ardatz garrantzitsua, ohartzen baikara politika azkarrak jarri ezean etxalde anitzek ez dutela segidarik ukanen», adierazi du.
Horregatik, laborariei zuzendutako formazioak nahi dituzte indartu, baita «lan kolektiboa azkartu» ere. Olioa, ogia edo haragiaren gainean azken urteetan martxan jarritako esperientziek «geroari begira bidea erakusten dutela» uste du. Lurraren eskasiari aurre egiteko eta, oro har, laborantza jardueraren geroa bermatzeko «estrategia orokor bat» behar dela sustatu uste du Molimosek. Euskal Hirigune Elkargoa sortu aitzin EHLGk mahai gainean proposamen bat jarri zuela gogoratuz.
«Laborantzarentzat egitura publiko bat sortzea, jarduerari lotuak diren aktore guztiak bilduz, planteatu genuen; eta Elkargoarekin harremanetan gaude, gure ustez aurten behar direlako gauzak aitzineratu, heldu den urtean gure sailean hauteskunde profesionalak ditugu eta horren aurretik hautuak hartu behar direla uste dugulako».
Akuilu lana egiten segitzeko «nahikeria osoa» dutela erran ostean, gaurko eguna ospatzeko «eta borroka egiten segitzeko indarra hartzeko» baliatuko dutela esan du. Goizeko batzarraren ostean, eguerdian tokiko produktuekin eginiko bazkaria izanen dute; gero, 17.00etatik aurrera, kontzertuak: Klik-K Lapurdiko txaranga, Oztibarreko Doctor Mephisto, Baztango Kaskezun, Le Mutant eta DJ XA2 vs DJ Garbatxöf.