Aitor Agirrezabal
Kazetaria
IKUSMIRA

«Molt Honorable President Queco Novell»

Lokartuta gaude. Anestesiaren eraginpean. Ezer gutxik asaldatzen gaitu. Azkenaldian Kataluniara begira bizi gara, baina han Estatuak egin dituen gehiegikerietara ere ohitu gara. 100 egun bete dira Cuixart eta Sanchez espetxeratu zituztenetik eta lehen egunetako protestak ere nahiko lauso gogoratzen ditut.

Aste honetan bertan, “Gurtel auzian” inoiz baino zuzenago seinalatu da PP. Enpresari eta gainontzeko auzipetuek aitortu dute espainiar Estatuko alderdi nagusiaren dopin elektorala. Eta PP ez da geldirik egon: begirada Kataluniara desbideratu du beste behin. Eroso dago. Eroso sentiarazten du gizarteak. Puigdemont ezin da president izateko hautagai izan, nahiz eta Parlament-eko presidente berriak, Roger Torrentek, haren izena proposatu. Zergatik? TV3 kateko “Polonia” saioko kideek abesti baten bitartez adierazi bezala: «Por mis huevos».

Bitartean, estoldetan dabil espainiar Polizia, ongi ezagutzen duen eremuan, Puigdemont nondik agertuko den asmatu asmoz, agertuko bada. Eta asko dira, edo gara, azken uneko jokaldi baten esperoan gaudenak. Kataluniak bizi duen prozesuak zerbait erakutsi badu, XXI. mendeko askapen prozesu batek irudimena behar duela da. Eta prozesu horretako sektore desberdinez ari naiz. Lokartuta gaude, baina ametsetan ere ez dugu irudimenik.

Ez daukat ideiarik zein izanen den hurrengo atala, baina orain arteko analista politikorik onenetakotzat ditut “Polonia” saioko lagunak. Beraz, ez ninduke atzera botako Queco Novell aktorea, Puigdemonten paperean, Parlament-eko atetik sartzen ikusteak.