Agurainen abiatuko da bigarren multzoko ligaxka
Vicente eta Saralegi Larrañagaren eta Larretxearen aurka arituko dira gaur.
Agurainen jokatuko da Urrezko Aizkorako Binakakoa, gizonezkoetan, eta Buruz Burukoa emakumezkoetan, gaur 18.00etan hasita. Mutiletan orain arteko saio guztiak A multzokoak izan dira, baina gaur B multzoak ekingo dio lanari, eta benetan saio erakargarria izango da.
Alde batetik, Iker Vicente eta Ruben Saralegi arituko dira, eta bestetik, Mikel Larrañaga eta Donato Larretxea. Neurketa estua aurreikusten da. Vicentek sekulako maila eman du aurten, baita Saralegik ere. Donato urteetan aurrera doan arren, binaka jokatzeko maila badauka oraindik, eta lan batzuetan, gainera, maisua izaten jarraitzen du. Mikel Larrañagak egin zuen azkeneko urtea ere ederra izan zen, eta 2017a, gainera, txapel batekin amaitu zuen, urteko azkeneko egunean lortu baitzuen Urrezko Aizkorako Kopa.
Normalena saioa iraupen proban erabakitzea izango da, aurreko lanak laburrak baitira. Hala ere, egur bat baino gehiago izango dira zutik jarrita, eta horiek askotan egiten dute min, nahiz eta bi bikoteetan egurra zutik mozten trebeak ere badauden. Bientzat izango da aurreneko jardunaldia eta, dudarik gabe, garrantzi handia izaten du lehiaketa bat irabaziz hasteak, eta gaur ere horrela izango da.
Emakumezkoen Buruz Burukoan Maika Ariztegi eta Irati Astondoa neurtuko dira. Jokatutako neurketak galdu egin dituzte biek, orain arteko guztiak Izkuek irabazi baititu. Gaur, ordea, bera ez da izango, eta neurketa oso garrantzitsua izango da bientzat. Hasteko, oinbeteko enborra nork azkarrago moztu arituko dira, eta gero bina 45 ontzako enbor erdibitu beharko dituzte.