Hitzekin jolasten
Nik papaita, zuk papaita; horixe dugu igarkizunen jolasean murgiltzeko antzinako formuletako bat. Eta formularen ondoren, jakina, igarkizuna: “Saguaren lehengusu zaharra, / lanbidez pilotu azkarra.” Eta igarkizunarekin batera jolasa, hitzen atzean ezkutaturik dagoena aurkitu beharra, ea nork aurkitzen duen, nork lehenago ondorioztatu aurreko igarkizun horren erantzuna sagu-zaharra izan daitekeela?
Xabier Olasok, baina, igarkizunen formulaz gain, izenburuan beste oparitxo batzuk eskaintzen dizkigu: Igarkizunak, olerkizunak eta igarkilimak. Lehenak garbi daude zer diren, “olerkizunak” eta “igarkilimak” egileak sortutako hitzak ditugu; kontzeptua erraz ulertuko dela espero dut eta liburuan zehar igarkizunez gain (400), 10 olerkizun eta 30 igarkilimarekin ere jolas egin ahal izango dugu.
Idazleak liburuaren hitzaurre laburrean izan duen asmoa adierazten digu, igarkizunak sortu jolas egin dezagun, baina eginkizun horretan «jakizu, igarle horrek, igarkizun-bilduma hau idazten hasi nintzenean buru-belarri ibili nintzen zu nondik nora engainatuko, zu nola nahaspilatuko, zuri erantzun okerra nola agertuko eta, halaber, erantzun zuzena nola ezkututako… Eta gerora ere horretan jarraitu dut, dili-dale, erantzunak azaletik iradokitzen eta, aldi berean, sakonean ezkutatzen». Horixe izaten baita igarkizunen ezaugarrietako bat, erantzuna ezkutuan bada ere, igarleak buruari eragin diezaiola ezkutuko hori azaleratzen. «Zeta erdian da,/ aurrean eta atzean a». Erantzuna, batzuetan, egileak dioena hitzez hitz jarraituz atera daiteke (aza); beste batzuetan, aldiz, ezaugarriek erakusten digute erantzuna: «Eskuak bero-bero,/esku banatan / jantziz gero». (eskularruak); badira ere erantzuna igarkizun barruan ageri direnak: «Ni bata, / zu bia, / eta azpian ura / garbi-garbia» (zubia). Olasok, ikus daitekeen moduan, estilo eta teknika asko erabili ditu igarkizun eskaintza hau egiteko, bai eta begi bistaz ikusiz errazago igartzen direnak (hor daude igarkilima gehienak) edo egilearen ukitu poetikoari erantzuten diotenak (olerkizunak) ere.
Egileak aitortzen duen moduan, «bi adierako hitzak erabiltzen eta, aldi berean, gaizki-ulertuak eta zalantzak eragiten» saiatu da, «liburuaz bestaldean zauden horrek, adimena eta irudimena zorroztu, eta hitzen bazterrak kuxkuxeatzen ibil zaitezen, zirrikituetatik kirika, ezkutaturik dagoenaren izena lehenbailehen ahora ekartzeko». Eta horrelaxe, hor izango dugu hitz ezkutu bat: «Barkatu bekatua, / baina nor naizen / bitan dizut aipatua» (katua), «Bururik ez,/ kopeta bai, / banauzu ni / hiltzeko gai» (eskopeta); baina baita konparaketak edo bestelako figura literarioak erabiliz sortuak ere: «Bi ezpatari jirabira / beti zenbakiei begira; / bi ezpatari jo eta ke, / garaiz iritsiko ote?» (erlojuko orratzak) edo jolas hutsak direnak: «Erroma esan / eta bi bertan; / esan Rabat / eta bertan bat» (R hizkia).
Igarkizuna, literatura elementu moduan, ondo pasatzeko elementua izateaz gain, oso aberatsa suertatzen da irudimena, sorkuntza, hizkuntza, lagun giroa edo umorea bultzatzeko. Ikus daitekeen moduan, hori dena eta gehiago lor daiteke Xabier Olasok eginiko proposamenetan; eta gainera igarkizunen ondoko irudiek lagundu egiten dute jolas horretan; izan ere, gehienak erantzuna errazteko eginak badira ere, badaude arestian aipatu den bezala irakurlea engainatzekoak; hots, jolasa areagotzeko. Liburu hau horixe baita, jolasa, hizkuntzarekin, irudimenarekin, lagun artean edo bakarka, klasean, etxean edo nahi duzun lekuan gonbita jolas egitera. Egileak eginiko erronkari erantzun jolasgarria: «Egizu liburu honetan aurrera. Abentura miresgarria izango ahal da! Igarkizun-partida hau irabaziko ahal didazu!».