Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Bodyboard

APB Tour 2018:Berrikuntzak munduko bodyboard zirkuituan

Aurtengo denboraldiko munduko bodyboard zirkuituak aurkeztu ditu APB erakundeak. Berrikuntzak izango dira, eta, besteak beste, Australian eta Hego Afrikan txapelketak egingo dira lehen aldiz.

APB (Association of Profesional Bodyboarders) erakundeak aurten izango diren munduko bodyboard txapelketen egutegia argitaratu du. Urtero bezala, lau maila nagusi izango dira; nesken eta mutilen Open kategoria irekiak, 18 urte arteko Junior kategoria, eta Drop-Knee kategoria (belauniko ibiltzen direnak).

Aurtengo APB munduko zirkuitua, ordea, ez da hasiko azken urteetan urtarrilean Hawaiin egin izan den Pipelineko txapelketa mitikoarekin. Antolatzaileek erabaki horren inguruko azalpen argirik eskaini ez badute ere, gauza ziurra da urtero denboraldiari irekiera emateko Hawaiin egiten zen txapelketarik ez dela izango aurtengoan. Ondorioz, munduko bodyboard zale hoberenek apirilean emango diote hasiera 2018ko APB denboraldiari, Teahupoon (Tahiti) egingo den hiru izarreko Open txapelketa batekin.

Gauzak horrela, aurtengo denboraldia ohi baino laburragoa izango da. Zazpi hilabeteko iraupena baino ez du izango APB Tourrak, izan ere, zirkuituko azken txapelketa urriko lehen astean izango da Kanaria uharteetan (Fronton King Pro, Gran Kanarian).

Kategoria irekian berrikuntzak

Mutilen kategoria irekian guztira hamar txapelketa izango dira, bi maila desberdinetan banatuak; batetik, World Grand Slams (WGS) txapelketak, eta, bestetik, Open kategoriakoak. Desberdintasuna da WGS txapelketetan soilik iazko emaitzei esker TOP 24 lehiakideen artean egotea lortu zuten bodyboard zaleek har dezaketela parte, hau da, Grand Slams txapelketak lehen mailako txapelketak dira.

Open kategorian, ostera, munduko txapelketak izan arren edonork parte har dezake; beraz, bigarren mailakoak direla esan daiteke. Premiun txapelketak edo lau, hiru eta bi izarretakoak izan daitezke, eta, antolatzaileek eskaintzen dituzten diru sarien arabera, lehiakideek ere rankingerako puntu kopuru handiagoak edo apalagoak eskuratuko dituzte (2.000 eta 5.000 puntu artean). Open mailako bost txapelketa izango dira aurtengo APB zirkuituan.

Guztira lau txapelketek osatuko dute aurtengo WGS zirkuitua, eta legedia berriaren arabera, hiru lehiaketetan emaitza onenak biltzen dituen lehiakideak irabaziko du 2018ko APB titulua.

Nesken kasuan (Women’s World Series) ere bi txapelketa berri izango dira kategoria irekian, bata Australian, Kiama urautsian, eta, bestea, Madeiran. Guztira sei txapelketa izango dira eta horietatik lautan bildutako emaitza onenen baturarekin erabakiko da 2018ko munduko titulua norentzat izango den. Iam Cambell hegoafrikarra eta Joana Schenger portugaldarra dira iazko APB mundu titulua eskuratu zuten kategoria irekiko bi lehiakideak.

Drop Knee eta Junior

Drop-Knee kategorian ez da aldaketarik izango. Ohiko moduan, Grand Slam txapelketa bakar batekin erabakiko dute munduko txapelduna nor izango den. Lehiaketa hori Portugalgo Praia Granden jokatutako da, datorren irailean. Drop-Knee kategorian, 20 urteko Sammy Morretino hawaiiar gaztea izan zen iazko txapelduna. Kategoria horretan inoiz munduko txapela eskuratu duen lehiakide gazteena da.

Junior kategorian ere munduko txapelketa bakarra izango da, irailaren 24tik 30era bitartean, Vianan (Portugal) egingo dena. Horrez gain, kontuan hartu behar dira kontinente desberdinetan egiten diren zirkuitu eta txapelketa bereziak. Gurean, esaterako, Europako Junior Zirkuituko azken proba Zumaian izan zen pasa den azaroan eta Mikel Atxega oriotarrak irabazi zuen.

Iazko munduko APB Junior txapelduna, ostera, Nelson Flores Txileko bodyboard zale gaztea izan zen.

Aparteko txapelketak

APB zirkuitu ofiziala osatzen duten txapelketez gain, aparteko beste hiru txapelketa berezi ere izango direla iragarri zuen APB erakundeak: Shark Islands Challengue (Australia ekialdean), TAND Invitational (Hego Afrika) eta Fronton King Festival (Kanaria Handia). Txapelketok egiteko itxaronaldi epeak oso luzeak izaten dira, baldintza onetan aritzeko leku zailak izaten baitira. Horregatik, txapelketa ikusgarriak izaten badira ere, ez dute rankingerako punturik eskaintzen.