Joseba Garmendia
EHUko irakaslea
GAURKOA

Publikoa / pribatua

Elinor Ostrom Nobel saridunak «pribatu» eta «publiko» hitzak modu eskasean erabiltzen ditugula esan zuen, zoologoek planetako animalia guztiak sailkatzeko bi hitz baino erabili ezingo balute bezala: elefantea edo sagua. Elinor Ostrom-ek, ekonomiako Nobel saria lortu duen lehen emakumeak, eskola instituzionalistaren barnean ondasun komunalen (commons) kudeaketa eta gobernantzaren azterketari eskaini zion denbora gehien.

Teoria ekonomikoan arreta berezia eskaini zaie basoak, larreak, ureztatze sistemak, ezagutza, irrati banda-zabalera eta arrantza bezalako ondasunei; hau da, erabilera komuneko ondasun eta baliabideei. Arreta horren arrazoia hau da, hots, ondasun hauen erabilera baztertzailea ez den heinean, baliabide hauek partekatzen dituztenek norbanakoen interes arrazionalei jarraituz guztien kalterako izan daitekeen gain-esplotazioko egoera batera eraman dezaketela. “Komunen tragedia” izenez ezagutu izan da dilema hau eta irtenbide bezala estatuaren interbentzioa estatalizazioaren bidez edo baliabideen pribatizazioa proposatu izan da.

Ostromek aztertu du nola beste soluzio eraginkor bat existitzen den. Munduan zehar hainbat adibide aztertuz (Suitza, Nepal, Japonia, Valentzia, Turkia, Filipinak, Kanada, Sri Lanka...), ondorioztatu du komunitateak gai izan daitezkeela praktika komunal instituzionalizatuen bitartez baliabide komunen kudeaketa iraunkorra bermatzeko ingurugiroa andeatu gabe. Zentzu honetan, kudeaketa eta jabego publiko eta pribatuaren parean, kudeaketa eta jabego komunala gehitu zuen. Jabego komuna gaizki kudeatzen dela dioen ideiari aurre egin zion eta kasu enpirikoek gehienetan kontrakoa erakusten dutela azalarazi zuen. Aztertu zuen nola baliabide komunen erabiltzaileek sarritan erabakimenerako eta interes gatazkak maneiatzeko arautegi sofistikatuak garatzen dituzten emaitza positiboak sustatuz. Bide batez, herritartasuna rol mugatu batzuetara –boto-emailea eta kontsumitzailea– murrizten duen ikuspegia gainditu zuen.

“Governing the Commons: The Evolution of Institutions for Collective Action” (1990) liburuan bere ikerketaren laburpen gisa, baliabide urri komunen kudeaketa egonkor baten diseinurako zortzi printzipio izendatu zituen: i) muga argi eta garbi zehatzak (parte ez diren hirugarren aktoreen baztertze eraginkorra); ii) baliabide komunen erabilera eta gozamenerako arauak tokiko baldintzetara egokituak; iii) erabiltzaileek erabaki prozesuetan parte hartzea baimentzen duten akordio kolektiboak; iv) parte diren edo erantzukizunak eskatu ahal zaizkien kontrolatzaileen aldetik kontrol eraginkorra; v) komunitatearen arauak hausten dituzten erabiltzaileentzako zigorren eskala mailakatua; vi) gatazken konponbiderako mekanismo merkeak eta eskura; vii) komunitatearen autogestioa, gaineko autoritateek aitortua; viii) baliabide komun handien kasuan, hainbat mailatako antolaketa: oinarrizko mailan tokiko komunitate txikiekin. Arestiko ikerketa batzuek aldagai berriak barneratu dituzte, hala nola, komunikazio eraginkorra, barne konfiantza eta elkarrekikotasuna, eta baliabide sistemaren izaera integrala.

Enpresen esparrura ideia hauek ekarrita ebidentzia enpirikoak erakusten digu aniztasun handia dagoela. Kapitalismo garaikidearen bilakaerak ondasun eta zerbitzuak eskaintzen dizkiguten antolakundeen aniztasun zabala utzi digu. Berdin gertatzen da merkatuaren paradigmaren alorrean. Liberalen kredoak sostengatzen dituen lehia perfektuko merkatuaren irudiaren gain, errealitatean, botere kontzentrazioaren isla bezala, monopolio eta oligopolio-merkatuak nagusiak dira ekonomiako jarduera ugarietan. Hori gutxi balitz bezala, beste merkatu mota batzuk ere azaldu zaizkigu azken hamarkadetan, hala nola, jabego pribatu eta publikoko enpresak diharduten oligopolio misto arautuak, edota sektore publiko barruko kuasimerkatuak. Akademiak gutxi aztertu dituen merkatu mota berri hauek ez dira jarduera ekonomikoaren periferian aurkitzen, nukleoan baizik, esaterako, banka, energia, garraioak, telekomunikazioak, osasuna, irakaskuntza, pentsioak, aseguruak…

Errealitateak kontzeptualki sinplifikatzeko joera publiko/pribatu dikotomiarekin ere gertatzen da. Jabegoari bakarrik erreparatuta sektore pribatuan enpresa txiki familiarrak eta inbertsio-funtsek kontrolaturiko multinazionalak nahasten dira, pribatu-publiko enpresa mistoekin batera. Antzeko aniztasuna dago enpresa publikoen artean. Jabego eskubideetan sakontzerakoan eta analisirako tresna gehiago erabiltzen direnean, ikus genezake elefante zein arratoi mota eta beste animalia mota ugari dagoela. Perry eta Rainey-k 1988an antolakuntza teorian publiko-pribatu bereizketa aztertu zutenean, jada zortzi antolakunde motako tipologia estilizatua proposatu zuten jabego (publiko/pribatu), finantzaketa (publiko/pribatu) eta kontrol-sozial moduaren (poliarkia/merkatua) arabera.

Bestalde, errealitate poliformikoaren aniztasuna islatzen duen beste eztabaida multzo bat Hirugarren Sektorearena da. Azken hamarkadetan jabetza publikokoak ez diren eta merkatu askea ezaugarritzen duten mozkinaren metaketa bilatzen edota kudeaketa moldeak jarraitzen ez dituzten enpresa eta erakundeek presentzia irabazi dute. Ekonomia Sozial eta Solidarioaren multzoan jabego pribatu edo kolektibokoak izan arren interes kolektibo edo publikoak bilatzen dituzten esperientziak multzokatzen dira. Ohiko eragile pribatu eta publikoek konpondu ezin dituzten arazoei eta haien mugei aurre egiteko, eta kolektibitateen zein komunitateen sormen eta auto-antolakuntza ahalmenaren emaitza dira.

Ez dago definizio bateratu bat eta izaera ezberdineko praktikak barneratzen dira. CIRIEC-International erakundea eta Europako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren arabera, irizpide juridiko eta administratiboen ordez aktoreen jokabideetan oinarritua, honako irizpideak erabili behar dira erakunde sozialen identifikaziorako: helburu sozialak eta pertsonak kapitalaren gainetik egotea; elkartasun eta ardura printzipioak; erakunde publikoetatik bereizia izatea; erabakimen autonomia; atxikimendu askea; interes orokorrak edo antolakundeko kideen beharrak asetzeko sortua; irabazi-asmorik gabekoa edo mozkinak kapitalari eginiko ekarpenaren arabera ez banatzea; kudeaketa demokratikoa pertsona bakoitzari boto bana esleituz. Zentzu honetan nahiz jabegoa pribatua izan, argi dago logika ez dela ohiko enpresa pribatu kapitalistaren berbera. Multzo honetan barnera daitezkeen erakundeak, merkatuaren aldetik, kooperatibak, elkarte laboralak, mutualitateak, lan-txertaketarako enpresak, eta ez-merkatuaren aldetik, elkarteak, fundazioak, GKEak…

Euskal Herrian bai, Elinor Ostromek aldarrikatu dituen komunalen kudeaketa kolektiboaren esperientziak existitzen dira, eta nabarmena da Ekonomia Sozialak eta kooperatibismoak duen presentzia. Munduan 1.000 milioi pertsona baino gehiago kooperatibistak dira eta 100 milioi lanpostu baino gehiago sortzen dituzte. Mondragon Korporazioa munduko talde kooperatibo handiena da 75.000 langilerekin, horietarik erdiak Hego Euskal Herrian. Gure industria eta berrikuntza-politika ezin daiteke ulertu kooperatibismoaren inspirazio, aitzindari lan eta eraginik gabe. Kooperatibismoaren balore, printzipio eta kudeaketa ereduak indarra hartzen ari dira. Alderdi politiko guztiek beraien hauteskunde-programetan kooperatibismoaren bultzada defendatzen dute (bitxikeria bat, honetaz gehien luzatzen dena Alderdi Popularra da). Nafar Parlamentuan, talde guztien babesarekin, enpresa eredu barneratzaile-partizipatiboa sustatzeko mozioa sartuko da, langileen parte-hartzea kudeaketan, mozkin banaketan eta jabegoan defendatuz.

Horren esperientzia aberatsak izanik, harritu eta larritu egin nau aspalditik gure hezkuntzaren inguruko eztabaidaren nondik norakoak. Dimentsio anitzeko problematikak (kalitatea, soziolinguistika, berdintasun aukeraren bermea, elitismoa, doakotasuna, ikastetxeen autonomia, tokian eskola komunitatearen inplikazioa, laikotasuna, kultur aniztasuna, murrizketak, helburu sozialen araberako aurrekontuen banaketa ekitatekoa…) nola jabego publiko-pribatu ardatzean korapilatzen eta laburbiltzen diren erredukzionismoa aplikatuz. Akaso, erreferentzia alfabetatze-sare herritarra izan daiteke. Horiek formalki jabego pribatukoa izanda ere, inork ez baitu zalantzan jartzen beren funtzio publikoa.