Adam Ondrak historia egiten jarraitzen du
Hilaren 10ean, Frantziako Saint Leger du Ventoux eskalada eskolan, eskalatzaile txekiarrak «Super Crackinette» bidea (9a+) flash erankateatu zuen. Era horretan, Ondra estilo horretan zailtasun hori lortu duen munduko lehen eskalatzailea da.
Lerroburuan aipatu dugun bezala, Adam Ondrak historia egiten jarraitzen du. Eta itxura guztiaren arabera, egiten jarraituko du. Kirol eskaladan sinatu berri duen azken urrezko pasarteak ez gaitu ezustean harrapatu. Alabaina, ezin zaio inolako meriturik kendu.
Hilaren 10ean, Frantziako Saint Leger du Ventouxeko eskalada eskolan, eskalatzaile txekiarrak “Super Crackinette” bidea (9a+) flash eran kateatu zuen. Horren ondorioz, estilo horretan (lehen saioan) munduko lehen 9a+ egin du.
Inolako zalantzarik gabe, lerrootako protagonistak urteak zeramatzan jardun horren bila. Altxor horren atzetik Alex Megosen eta Ondraren artean nolabaiteko lehia izan da. Nor izango ote zen lehena? Bada, argi geratu da txekiarra bera izan dela. Gogoratu behar dugu, duela sei urte Ondrak “Southern Smoke Direct” bidea (Red River Gorge) eskalatu zuela. Berez, 9a+ gradua zuen, baina, hura gainditu ondoren, 9a-ra jaitsi zuen. Hilabete batzuk lehenago, “Biographie” bidearekin saiatu zen, baina esku hutsik atera zen. 2016an, berriz, Santa Linyako “Seleccio Anal”-ean ekinaldia egin zuen; bileratik gertu zela saioa ezerezean geratu zen. Baina, aurreratu dugun bezala, duela bederatzi egun saria poltsikoratu eta berriro historia egin du.
Bitxia bada ere, flash eran zegoen “norgehiagoka” hori Ondraren alde atera da; ez, ordea, bistan egin zen lehen 9a. Hori Megosek lortu zuen Siuranako “Estado critico”-rekin.
Bitxia ere bada, “Super Crackinette” bidearen lehen igoera eskalatzaile alemanarena izan zen. Duela bi urte, hiru eguneko saioak egin ondoren, marra hori patrikara sartu eta 9a+ bezala proposatu zuen.
Aipaturiko bide horretatik jaitsi bezain laster, Ondrak honako hausnarketa egin zuen: «Flash eran 9a+ graduko bide hau egitea nire ibilbidearenzat (neure buruarentzat ere) aurrerapen handia izan da. Urte asko neraman helburu honen atzetik. Zaila izan da bide egoki bat aurkitzea. Hainbat bide estilo horretan saiatu ondoren, ia ez neukan xede aproposik. Saint Leger du Ventoux behin bisitatu nuen, eta helburu hau ikusi nuen. Perfektua zirudien. Gainera, Alex Megosek eskalatu eta gradu hori proposatu zuen. Alemanaren seriotasuna beti kontuan hartu dut, eta harekin ados nago: 9a+ da. Megosen jardunaren berri izan nuenean, jakin banekien nire xedea izan zitekeela. Beraz, eskalada eskola horretara helburu jakin batekin joan nintzen. Presio handia nuen. Zalantzak ere bai; hain zuzen ere, ez nekielako hura probatzeko sasoiko ote nengoen. Agian, beste urte baterako utzi beharko nuen. Baina bidea ekipatu zuen Quentin Chastagnier-ekin hitzordua egin nuen. Hark mugimendu guztien berri eman zidan. Indartsu egoteaz gain, neure buruarekin segurtasuna banuen. Hala ere, urduri samar nengoen. Azken mugimendu gogorra lazgarria izan zen oso. Baina, zorionez, eutsi eta aurrera jarraitzeko aukera izan nuen. Helburua lortu dut, eta aitor dezaket lorpen horrekin erabat harro nagoela».
Irakurtzen den bezala, Ondrak sei urte behar izan ditu flash eran orain arte egin den jardun muturrekoenari plus bat gehitzeko.
Erraztasuna
25 urteko eskalatzaile txekiarra beste planeta batekoa dela dirudi. Gogoratu behar dugu, azken lorpen hau egiteaz gain, bistan hiru 9a dituela; eta landutako bideetan hamazazpi 9b, hiru 9b+ eta 9c bat.
“Super Crackinette” bidearen sarreran zeudenak Ondraren eskaladarekin ahoa bete hortz geratu ziren. Nahiz eta otsailaren 10a izan, protagonistak kamiseta kendu eta aipatutako marran lehen mugimenduak egiten hasi zen. Iluntzeko oso denbora gutxi falta zen, baina eskalatzaileak bidearen 20 metroak ziztu bizian egin zituen. Aurreratu dugun bezala, ikusleek ezin zuten sinetsi ikusten zutena: «Oso-oso erraz eta arin eskalatu du. Bazirudien paseo bat egiten ari zela».
Nahiz eta 9a+ zailtasuneko bideak munduan barrena dauden, Ondrak ez zuen batere erraza izan horietako bat aukeratzea. Izan ere, gradu horretako marra batzuk-batzuk eskalatu ditu. Hori dio, bederen, eskalatzaileak berak: «‘Southern Smoke Direct’, ‘Biographie’ eta enparauetan saiatu ondoren, ohartu nintzen zailtasun horretan erreferente diren beste marra batzuk aurkitzea ez zela batere erraza. Besteak beste, batzuk-batzuk egina nituelako: Siuranako ‘La Rambla’, Olianako ‘Papichuko’... Hori guztia kontuan izanda, gradu horretako bide berrien zain izan naiz. 2015. urtean Mollansen ‘C.R.S’ bidea eskalatu nuenean, otu zitzaidan Saint Leger bisitatzea. Eta bisita hartan, lehen aldiz, ‘Super Crackinette’ ikusi nuen. Garai haietan, oraindik kateatu gabe zegoen, baina argi neukan bide ederra zela oso. Era natural batean hura eskalatzea ia ezinezkoa zirudien. Baina oker nengoen; izan ere, duela bi urte Megosek sinatu zuen. Hori irakurri nuenean, pozarren jarri nintzen, eta are gehiago 9a+ bezala proposatu zuenean. 9a+ flash eran egiteko hautagai perfektua zen!».
“Super Crackinette”-n saiatu baino lehen, Ondrak argi zuen hango eskalada estilora ohitu behar zela. Horregatik, pare bat aste bertako bideetan eskalatzeko asmoarekin abiatu zen. Baina, zoritxarrez, ia marra guztiak bustita zeuden: «Harrigarria bada ere, erabat lehor zegoen bide bakarra ‘Super Crackinette’ zen. Baina, jakina, beste batzuk eskalatu baino lehen ezin nuen nire xedean sartu. Horregatik erdi bustita zeuden 9a+ graduko hainbat proiektu probatu nituen. Hala ere, helduleku heze horietan eskalatzea ez zen asmo egokia izan. Orduan, nire xedean arrakasta izango ote nuen zalantzak piztu ziren. Zalantza horiek neure buruarekin borroka latz bihurtu ziren. Baina Bernardo Gimenez argazkilaria nirekin zegoen, eta Quentin bidearen nondik norako guztiak azaltzeko hurbildu zen. Biharamunerako den-dena antolatu ondoren, Quentin ‘Super Crackinette’ bi aldiz igotzen ikusi nuen. Eta arratsaldean, bideari ekitea erabaki nuen».
Erabaki horren ondoren, benetako borroka iritsi zen: «Egundoko presioa nuen. Parisen izan nintzen Munduko Txapelketaren finalean bizi izan nuen presioa baino are handiagoa. Beroketa ondo joan zen, eta neure burua konfiantzarekin ikusi nuen. Oso motibatua nengoen, eta eskalatzen hasi nintzenean zalantza guztiak uxatu nituen».
Eta orduan “paseoa” hasi zuen: «Bidearen giltza hirugarren eta laugarren parabolten artean dago. Mugimendu horiek aise gainditu nituen, eta, ia eragozpenik gabe, katera heldu nintzen. Ez nengoen batere nekatuta. Nahiz eta Quentin bide hori eskalatzen ikusi nuen, mugimendu guztiak memorizatuta nituen. Helduleku guztiak irudikatu eta imajinatu nituen bezala hartu nituen. Ez zirudien flash eran eskalatzen ari nintzenik. Perfektua izan zen! Horretaz gain, informazioa banuen ere, bi sekziotan aldez aurretik pentsatutako mugimenduak aldatu egin nituen».