Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Espainiako Erresuma, estatu kolpea baino, kolpe estatua

Esan ohi da legetik legera egin zela Franco hil ondotiko trantsizioa. Gero eta argiago gelditzen ari da, berriz, estatu kolpetik estatu kolpera osatzen dela estatu espainolaren ibilbidea.

1936ko uztailekoak baztertu zuen demokraziaren aukera, sarraski erraldoiaren ondotik diktadura luzea ezartzeko. Ondoren goitik behera inposatu zuten erregimenari berari estatu kolpea egin zioten otsailaren 23 batean. Gaur egun, estatu kolpea da gobernu eredua, Euskal Herriaren kontra, Kataluniaren kontra, rap kantarien, artisten kontra… Estatu kolpea jada ez da salbuespena, egunorokoa baizik, estatua kolpeka gogotik baitabil, gelditu gabe! Kolpe estatua da, finean, Espainia, kolpatzeko tresna, kolpeen bidez eraikia eta kolpeen bidez mantentzen dena. Eztabaida demokratikoa esan eta boxeo lehiarako gonbita hartzen duena, herriaren hitza aldarrikatu eta ezabatu beharreko mobilizazio ilegala ikusten duena, erabaki demokratikoen aurrean legeak makila gisa baliatu besterik ez dakiena.

1936ko kolpearen zilegitasunak bilakatu zuen Juan Carlos Borboikoa espainiar estatuburu, berak aitortu zuenez, noiz eta Francoren behatzak ordezko izendatu zuelarik. Pairatzen dugun inboluzioak 1981eko autokolpean izan zuen abiapuntua, LOAPA ezarri zutenetik desdemokratizazioa joera nagusia izan baita. Beste errege bat dago gaur egun Madrilgo gortean, baina kasu, kartzelako sarrera ateak irekirik baitaude kritikatzen duenarendako. Eta honi demokrazia deitzen diote. Estatu umorismoa izanen da, agian. Irri egin beharko dugu, azkenean, agindua ematen digutenean, eta orduan soilik, preso ez joateko. Izan ere, umorismoaren esparruan ere eman du kolpea espainiar estatuak, umorismo zilegiaren monopolioa bereganatuz.

Honek guziak ez du irri egiteko gogo handirik pizten, baina negarrak ez digu inolako konponbiderik erraztuko. Inboluzio erraldoi honi aurre egitea hobe, kolpeak gero eta gogorragoak baitira.