NEGUAN MAHASTIAK LO EGONIK ERE, TXAKOLINDEGIAK LANEAN JARRAITZEN DU
HAMABI HEKTAREAKO AZALERAN ZABALTZEN DEN MAHASTIAK, SASOI HONETAN HOSTORIK GABE, INGURATZEN DU TALAI BERRI TXAKOLINDEGIA, AURTEN, MARTXOAN HAIN ZUZEN, 25 URTE BETETZEN DITUEN UPATEGI ZARAUZTARRA. ITZIAR ETA ONDITZ EIZAGIRRE DIRA, GAUR EGUN, UPATEGIAREN NAGUSIAK. BOSGARREN BELAUNALDIA DIRA.
Hektarea erdiarekin ekin zioten bideari, hasieran mahatsak beste ekoizleei erosteko beharrarekin, eta orain «gurearekin aski dugu», dio Itziarrek. Mahatsondoetako beharrez arduratzen da bera, eta ahizpa «bulegoko lanez. Enpresa ikasketak egin zituen eta egiteko bakoitza ondo banatzen jakin dugu».
Emakumeak egon badaude txakolindegietan, denetariko lanak egiten, nahiz eta askotan bulegoetako beharrez arduratu. Aurpegia ematerakoan, ordea, ausartagoak omen dira gizonezkoak eta horregatik ikusten da hain emakume gutxi txakolinaren ekitaldi nagusietan. Getariako Txakolin Egunean 31 txakolingile igo ziren oholtzara, horien artean Onditz Eizagirre, bere txakolindegia ez ezik, emakumeak ere ordezkatuz.
Orduan aurkeztu zuten Getariako Txakolinaren jatorri deiturako uzta berria eta martxoaren 3an Talai Berrik bere aurkezpen propioa egingo du urteurrena aprobetxatuz, upategian bertan. «Antton Olariaga, Tomas Murua eta Anjel Lertxundi ere omenduko ditugu, 25 urtean, itzalean gurekin elkarlanean aritu baitira», gehitu du.
Eta bihar bertan, aurreneko aldiz, Mahasti Krosa antolatu dute eizagirretarrek. 7,6 kilometroko luzera duen lasterketa mahastien artetik igaroko da biharkoan. «100 parte-hartzailera mugatu genuen izen-ematea, eta jada 93 pertsonak parte-hartzea ziurtatu dute», zehaztu dute. Harrera izugarria izan duela aipatu dute, kanpotar zein zarauztarren artean.
Talai Berritik Mollarriko kargaderora jaitsiko dira, mahastira igo, bertako lursailetatik igaro (lasterketaren zati handiena, 5,6 kilometrorekin) eta upategian egongo da helmuga. «Bestalde, argi geneukan otsailean egin behar genuela, korrikalariek mahastiei ahalik eta min gutxien egiteko».
Izan ere, mahastiak «lo» daude garai honetan, geldirik, «baina gu ez», ohartarazi nahi izan du Itziarrek. Abenduan hasten dira kimuen inausketarekin, hostoak erortzean, eta martxoaren 19-20ra bitartean kimuen begiak kontrolpean izan behar dituzte, izan ere, begi bakoitzetik hiru mahats mordo hazten dira. «Dena den, ez da komeni begi asko izatea, gehiegi pilatuz gero mahatsaren tamaina txikiagoa izaten da eta gure ustez txarragoa da».
«Martxoaren hirugarren astean lurra 10 gradura ailegatzen da, eta mugimenduarekin ernetzen hasten da landarearen salbia. Ordurako lan guztiak bukatuta izan behar ditugu». Eta apirilerako mahats ñimiñoak ikusteko aukera izaten da: «Baina horrek ez du esan nahi hasieran hazitako hori jasoko duzunik gero, oraindik loraldia pasatu behar baitute eta haizea, euria, txingorra edo gaitzak direla medio, galdu egiten dira».
2017ko uzta
Urrian abiatzen da urteko uzta jasotzearen zeregina eta hamabi langile kontratatzen dituzte. «Urte osoan lau izaten gara, uztan hamabirekin sinatzen dugu hitzarmena, eta ekain aldean beste bi kontratatzen ditugu hostoak kentzeko», azaldu du.
Duela 12 urte hasi ziren kontratupean jendea ekartzen, ordura arte boluntarioekin aritzen baitziren. Hala, 2017ko uzta jasotzean, eta 25 urte egunero betetzen ez direnez, orduko boluntarioei ere omenaldi xume bat egin zietela azaldu du, «uzta festa moduko bat, bertsolari, argazki zahar eta guzti, 100 pertsona inguru batu ginen».
2017ko uzta merkaturatzen hasiak dira eta sasoia nolakoa izan den galdetzean ezin izan du alde batean utzi udarako klima: «Ez du euri gehiegirik egin, egia da, baina termometroa 20-25 graduan ibili da, eguzki gutxirekin eta hezetasunak kalte handiak eragiten digu, egoera horretan onddoak erregearen pare egoten direlako mahastietan». Gaitz-erdi irailean eguzkia atera zela eta 25. urteurreneko uzta «gorputz handikoa eta orekatua» izaten lagundu zuela.
80.000 botila ekoitzi dituzte aurten, eta hektareako 8-10 mila kilo jasotzen dituzte. «Getariako Txakolina jatorri deiturak 13.000 kiloraino baimentzen du, baina nahiago dugu gutxiago jaso, hobea dela deritzogu». Aurten iaz baino %15 gutxiago produzitu dute, baina normala dela irizten diote, «beti daude gorabehera hauek».
«Gutxi gorabehera produkzioaren %35 esportatzen dugu, eta tarta zati horretatik %85 AEBetara izaten da. Los Angeles, San Frantzisko eta New York dira nagusiak eta, bestetik, Asian ere nahikotxo saltzen dugu». Horiek horrela, hurrengo bisita Japoniara aurreikusten dute, San Frantziskora egin zuten legez. Kalifornian, aldiz, arrakasta izan duena txakolin gorria izan da: «Bizkaian hain tipikoa dena baina Gipuzkoan saltzea kostatzen dena. Bertan, beste ardo bat bailitzan kontsumitzen dute, atunarekin elkartze ona egiten baitu».
Gaur-gaurkoz marketin eta esportazio lanetan dabiltza buru-belarri. Orain hasten baitira ekoitzitakoa merkaturatzen, «nahiz eta hemen, eguraldiarengatik, udaberri aldera iristen den kontsumoaren tontor gailurrenera». «Dena den, Onditz buru-belarri dabil esportazioarekin, zeren eta beste herrialdeetara, adibidez, AEBetara udaberrian iristeko orain bidali behar duzu, eta bulegoko lana orain garrantzitsua izaten ari da», jakinarazi du Itziarrek.
Enoturismoa
Zarauzko Talaimendi auzoan kokatzen den txakolindegia, bestalde, enoturismoko industrian ere bete-betean sartu da. Bisita gidatuak egiten ditu astelehenetik larunbatera –«astegunean gutxienez bost pertsonako taldeekin, eta asteburuan bakarrik ere etor daitezke»–. Upategia ikusi, txakolinaren prozesuaren azalpenak jaso, txakolina dastatu eta bukatzeko hamaiketako bat eskaintzen diete: «Bertako produktuekin, adibidez, Idiazabal gazta, hegaluzea, Eusko Labeleko basa-txerriaren txorizoa, piperminak...
Plan antzerakoa aurreikusten dute Aste Santurako, baina kasu honetan umeei hurbildu nahi diete txakolin upategietan egiten den lana, «eta dastatzeko, muztioa, noski». Komiki bat ere prestatu dute, «sekretuak azaltzen».