A.A.
EKITALDIA

Cuentamontes sari banaketa, mendia eta kultura eskutik helduta

Andoni Arabaolaza Alacant aldean izan da asteburuan bere liburua bertanaurkezten eta eman dioten saria ekitaldi berezi batean jasotzen.

Andoni Arabaolaza Alacant aldean izan da asteburuan Cuentamontes taldeak bere sariak banatzeko urtero antolatzen duen ekitaldian. «Cuentamontes talde literario eta mendizalea da, kultura eta mendia uztartzen dituena. Urte batzuk daramatza antolatzen bai nobela laburreko lehiaketa, baita pinturari dagokiona, argazkilaritza, poesia, ipuinak… Hori dena mendiarekin lotuta. Vinalopo bailaran antolatzen da, baina esan liteke autonomia erkidego osoa hartzen duela bere esparru moduan», azaldu digu kazetariak berak.

«Orain dela urte bat zabaldu egin zuten eremua eta nazioarteko izaera hartu du. Aurten adibidez, parte hartu dutenen artean Kanada, Venezuela, Suitza eta Argentinako autoreak egon dira. Ostiralean liburuaren aurkezpen prentsaurrekoa daukat, liburuaren nondik norakoak azaltzeko, eta larunbatean da ekitaldi nagusia, gala bat, ‘X Gala de las Artes, las Letras y la Montaña’. Hor sari guztiak banatzen dira eta aparte kirolariek ere parte hartzen dute. Pare bat orduko ekitaldia da».

Andoniren iritziz, «eskertzekoa da, zeren normalean mendiko jarduerak jorratzen ditugunok kirol ikuspegia jorratzen dugu batez ere, %80-20 bat dela esan liteke, eta kulturaren ikuspegia oso mugatua geratzen da. Orekarik ez dago, eta horregatik hauen lana oso beharrezkoa iruditzen zait. Beti esaten dut: agian literaturak ez du mendia behar, baina mendiak derrigorrez behar du literatura, kultura orokorrean. Memoriarik ez badago, egindako dena galdu egingo da. Eta sormenaren ikuspegia ere garrantzitsua da. Eta hauen lana garrantzitsua da, bi ikuspegiak uztartzen dituztelako».

Arabaolazak lagun batekin egin du bidaia eta, aipatu digunez, inguruko mendietan eskalada apur bat egiteko ere baliatuko du aukera.