Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Zein da arazoa?

Aurreko ostegunean San Mamesen kanpoaldean ikusitakoa tamalgarria ez ezik, gauza baten erakusgarri garbia ere bada: gizonen gorroto funtsik eta neurririk gabearena, nagusikeriarena, basakeriarena, gizonen biolentziarena. Gizonenena, oro har; ez bereziki Herri Norteko kide athleticzaleena eta ez bereziki Spartak futbol talde errusiarraren jarraitzaileena, ezta batzuei eta besteei egurra dezente gustura banatzen ari zela zirudien ertzainen batena edo besterena ere; berdin izango dira hurrengo batean hooliganak, tifosiak, ultrasurrak edo auskalo munduko zein txokotako, segurtasun-indar eta futbolzale baino, gizonezko eskuadroizale elkar erotu eta elikatu eta adoretuak. Gerra egitea helburu dutenak, inolako arrazoi eta helmugarik gabe, ezpada ostiak ezker-eskuin banatzeko gozamen hutsagatik, ezpada bestea –berdin dio zein beste– menderatuta, umiliatuta, txikituta eta are hilotz ere uzteko ahalmena erakutsi beharragatik, besteei erakutsi norberaren errealizazio zoroa asetzeko. Publiko zabala begira dagoela, noski, publiko zabal izutu eta uzkurtua. Bestela, zertarako.

Gizonak artaldean, finean, nork bere buruberokeria pertsonala askatzeko egoera ezin hobea; bakarrik eginez gero ez bezala, ezkutuxeago masaren artean, eta hala, bakarrik eginez gero ez bezala, harrapatua eta egindako ekintzen erantzukizuna eta ondorioak ordaintzera behartua izateko aukera murriztuta. Ez da hauen futbolarekiko grina –eta ez da haien liberazio nazionala edo estatuaren segurtasuna edo herritarren ongizatearen babesa– indarkeria indiskriminatua egikaritzeko edota bultzatzeko motibazio edota xedea; ez du zerikusirik ez pasioarekin, ez odol beroarekin, ez munduko lurraldeetako pertsonen gaineko kezkarekin, ezta haien bizitza hobetu nahiarekin ere.

Ezta hurrik eman ere. Hertsiki lotuta dago bizi garen munduan eraikitako gizarteekin eta bertako kulturekin, non han-hemenka barreiatuta gizonaren irudia eta beraren izana bakarra diren, tokian tokiko ñabardurekin, bai, baina nagusikeria, botere-gosea eta indarkeria beti oinarrian. Gizon bakoitzaren sena sorreratik bertatik horretara bideraturik, argi izan dezagun arazo larria luzerako dugula. Batez ere, halakoak hedabideetan futbolzale amorratuegi zenbaiti buruzko albiste gisa aurkezten jarraituz gero, agintari gorenen erabaki politikoen ondorio ezinbesteko gisa… inoiz nabarmendu barik indarkeria horren guztiaren gizon aurpegia, gizonaren eskua.