Nagore BELASTEGI
MOBILE WORLD CONGRESS

EUSKAL ENPRESEK ERE TXOKO BAT IZAN DUTE TEKNOLOGIAREN HIRIAN

EZ DAKIGU ZENBAT EUSKAL ENPRESA EGON DIREN BARTZELONAKO AZOKAN. EHUNKA ERAKUSTOKIREN ARTEAN HORIEK TOPATZEA ERE EZ ZEN ERRAZA, BAINA SEKULAKO POZA EMATEN ZUEN EZAGUNA EGITEN ZAIGUN IZEN BAT TOPATZEAK. HEMEN AIPATUTAKOAK BI ADIBIDE BESTERIK EZ DIRA ETA ZIUR GAUDE BESTEREN BATEK IHES EGIN DIGULA.

Asiak teknologia berrietan txapelduna dela erakutsi du MWCn. Samsung edo Huawei erraldoiek erakarri dituzte bisitari gehien, batak errealitate birtualeko makina ugari jarri zituelako eta besteak telefono berriak aurkeztu zituelako. Baina horien alboan ere bazegoen txikientzako lekua, eta horien artean euskaldunak topatu ditugu. Irisbond donostiarrak stand txikia zuen, baina ikusgai zituen telefonoari eta tabletari esker jendearen arreta pizten zuen. GARAn jada hitz egin dugu enpresa honek egiten duenari buruz; elbarrien bizitza hobetzeko egiten du lan, eta zentzu horretan komunikazioa errazten die.

Izan ere, tabletari gehitzen zaion kamera bati esker, begiak erabiliz soilik tabletarekin ibiltzea posiblea da. Bartzelonan aurkeztu duten berrikuntza telefonoan erabiltzeko sistema da. Twitter bezalakoa den aplikazio bat sortu dute, eta hori ere telefonoaren kameraren bidez, begiekin kontrolatu daiteke. Gainera, orain arte erabiltzen zuten gailua Windows eragile sistemarekin bakarrik zebilen, baina aplikazio berriak Windows eta Androidentzat balio du.

Ideus da topatu genuen beste enpresa euskalduna, Bilbokoa oraingoan. Telefonorako osagarriak saltzen ditu Ideusek, baina kontsumitzailearekin duten harremana ez da beste markek dutena bezalakoa. Pauso bat aurrerago eraman dute. Jonathan Ledesmak azaldu bezala, errealitate handituko aplikazio bat (Ideus AR) dute zeinekin bezeroek euren produktuen benetako itxura ikus dezaketen kaxatik atera gabe. Kaxetan produktuaren argazki soil bat ageri da, baina aplikazioarekin begiratzean, 3D irudi bat agertzen zaigu eta posiblea da telefonoa mugituz, produktua alde desberdinetatik aztertzea. Are gehiago, bideoa grabatu eta elkarbanatu dezakegu. Jo dezagun ezer erosi aurretik bertan ez dagoen lagun bati erakutsi nahi diogula bere iritzia eman dezan, bada, hori egiteko aukera ere izango dugu.

Honekin, bezeroarentzat esperientzia aberasgarria izateaz gain, enpresarentzat ere baikorra da feedbacka jasotzen dutelako eta bezeroen interesa pizten duenaren berri izan dezakete. Saltzen dituzten gauzen artean aurkitzen ditugu mota guztietako kargagailuak (eramangarriak, autoan txertatzekoak, kablerik behar ez dutenak), telefonoentzako fundak edota kristal babesgarriak. Azken hauek azpimarratu nahi ditu Ledesmak. Izan ere, oso kalitate handikoak direla esaten du eta momentuan bertan egin zuen demostrazioa: kristala esku artean hartu eta presioa egin zuen arku bat sortuz. Nahita puskatu zuen, baina sekulako indarra egin behar izan zuen horretarako.