Jon LEUNDA
sokatira

Gaztediko neskek urrezko domina kolkoratu dute 

Gaztediko mutilek, eta 23 urtez azpiko Berriozarko neskek eta mutilek, zilarra.

Urrezko domina bat eta hiru zilarrezko lortu dituzte Euskal Herriko tiralariek Txinan jokatzen ari den Goma Gaineko Munduko Txapelketan. Kluben mailako lehen jardunaldia jokatu zen atzo, eta Gaztedi eta Berriozar izan ziren protagonista nagusiak, bi talde hauen artean lortu baitziren domina guztiak.

Urrea nesken 540ko mailan etorri zen, han Gaztedik lortu baitzuen garaipena. Lan bikaina egin zuten bizkaitarrek, eta amaieran ongi merezitako urrea kolkoratu zuten.

Mutiletan ere Gaztedik zilarra eskuratu zuen 560ko mailan. Laukizkoek lehen fase bikaina egin zuten, baita finalerdia ere, baina urrearen lehian ezin izan zuten garaipenik eskuratu, baina bizkaitarrek zilarra poltsikoratu ahal izan zuten.

Beste bi dominak, biak zilarrezkoak, Berriozarrek eskuratu zituen. Bi taldeak 23 urtez azpikoetan lehiatu ziren. Mutilak 600 kilokoan, eta neskak, 500ekoan. Biek ere lan bikaina egin zuten, baina ez batak ez besteak ezin izan zuten urrerik eskuratu. Zilarra bai, ordea, eta bi taldeak pozik zeuden amaieran. Selekzioen mailan izango dute beste aukera bihar.

Baina maila horiez gain, euskal taldeak gizonezkoen 640ko mailan ere lehiatu ziren. Hor ez zuten izan beste mailetako zorterik, eta dominarik eskuratu gabe amaitu zuten.

Kluben mailako azkeneko jardunaldia gaur jokatuko da, eta Euskal Herrian 2.30 direnean hasiko dira lanean.