Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Urtetik urtera indartsuago Baionan

Eguerdian ehun lagun inguru elkartu ziren Baionako herriko etxearen aitzinean elkarrekin bazkaltzeko. Arratsaldean, leku beretik abiatutako manifestazioan 400 lagun bildu ziren. Antolatzaile zein parte hartzaileek bat egin zuten: «gaurkoa zinez positiboa izan da».

Euskal Herriko gainontzeko herrialdeetan greba feministak izan zuen jarraipenarekin alderatuz gero, Ipar Euskal Herrian eman zen erantzuna apalagoa izan zen, baina Estatu frantsesarekin alderatuz gero, «pozik egoteko arrazoiak» bazituztela azpimarratu zuen Grebalari Feministen Asanbladak.

Eragile desberdinetako kideek bat egiten zuten irakurketa baikorra egiterako orduan, baina atzokoan, norbanako gisa mintzo ziren, «emakume guztiok ahots bakar bat osatzeko eguna» baitzen atzokoa.

Erabateko sostengua

Horrela azaltzen zituen hastapenetan izan ziren gorabeherak Jenofa Berhokoirigoin, grebalarien asanbladako kideak: «Duela bi hilabete bildu ginen talde desberdinetako kideak. Guztiak bat gentozen greba deialdiarekin, baina askok ez zuten ikusten talde zehatz batek grebara deitu behar zuenik».

Gauzak honela, norbanako gisa elkartu ziren 25 lagun eta Hego Euskal Herrian egin zen deiaren printzipioekin bat eginez GFA sortu zuten. «Azkenean, taldeek grebari sustengua eman bakarrik ez, deialdiarekin bat egitea ere erabaki zuten, beraz antolaketa lanetan ari ginen bitartean garapen bat eman zen», oroitu zuen Berhokoirigoinek.

Sindikatu gehienek greba feministaren deialdiarekin erakutsi zuten gutxiespen jarrera oso adierazgarria izan zen eta Estatu mailako jarera horrek Ipar Euskal Herrian ere isla izan zuen. Sindikatu guztiei gutun bat igorri zieten grebarekin bat egin zezaten, baina soilik LAB eta Solidairek erantzun zuten.

Hala ere, grebak izan zuen eraginik, batez ere euskarazko hedabide eta irakaskuntzan. Ikastetxe batzuek ateak itxi zituzten, Senpere edo Hendaiakoak kasu. Ziburuko Pierres Larzabal ikastetxeko ikasleek ostera, bazkaria etxetik eraman behar izan zuten jangelako hiru langileek lan uztea egin zutelako, eta antzeko kasu ugari izan zen, han eta hemen, batzuek greba egin zuten eta besteek zenbait orduko lan uztea.

Bernat Etxepare lizeoan irakasle emakume guztiek greba egin zuten, soilik 36 ikasle joan ziren eskolara. Neskato talde batek bideo proiekzioak eskaini eta pankartak egiteko baliatu zuen ikastetxea eta Baionako mobilizazioetan giroa berotzeaz gain belaunaldi berrien esku hartzea ere irudikatu zuten.

«Ez da martxoaren 8an greba deitzen den lehen aldia, 2001. urtean ere egin zen deialdia, baina hamar bat lagun bakarrik elkartu ginen», oroitzen zuen urtez luzez "Emazteek diote" taldeko kide izan zen lagun batek, herriko etxe atarian adin eta jatorri anitzetako beste ehun lagunekin batera bazkarian parte hartzen zuen bitartean.

Erabateko sostengua

Arratsaldean bildu zen jende kopurua laukoitza izan zen. Bi belaunaldi desberdinetako ordezkariek hitz egin zuten manifestazioa abiatu aitzin. Banku batera igota, euskaraz mintzatu zen neska oso gazte batek greba egiteko arrazoien berri eman zuen. Ondoren, emakume heldu batek hartu zuen hitza, aurrez esandakoak frantsesez errepikatzeko.

Ekimena arrakastatsua izan zenaren sentipena oso hedatua zen. «Bilan zinez positiboa egiten dugu», zioen Argitxu Dufau, LAB sindikatuko kideak. Jenofa Berhokoirigoinen begirada berriz, urrunago zihoan: «Lehenik gaurko egunaren inguruko bilana egin beharko da, zinez positiboa izango dena, eta horren ostean ikusiko da zer egin, baina gauza bat argi izan behar da, datorren urtean ez gara hutsetik hasiko, gaurko mugarriak fruituak emanen ditu».