Jon LEUNDA
Berezkoak

Lesioa gaindituta, Ducassou kantxetan izango da berriro ere

Berezkoen Binakako Txapelketako bigarren jardunaldia gaur bertan abiatuko da, Arrangoitzeko trinketean. 18.30ean hasiko da, eta bigarrena izango da Lehen Mailakoa. Etxegarai eta Bilbao Intxausperen eta Ducassouren aurka arituko dira.

Badago neurketa hau ikusteko gogoa, Ducassou berriro ere kantxetan izango baita. Superprestigioko finalean min hartu zuen eta ordutik jokatu gabe egon da.

Buruz Burukoan ezin izan zuen parte hartu, baina badirudi osatu dela eta gaur izango du hori erakusteko aurreneko aukera. Intxauspe aurrelari ona da, eta saiatuko da lehen puntua eskuratzen.

Etzi, Lohitzunen, Waltarik eta Gixandutek Larralderen eta Iturberen aurka jokatuko dute. Lehen bikoteak itxura bikaina eman zuen aurreneko partidan; ez, ordea, bigarrenak. Jaialdia 15.00etan haisko da, eta arratsaldea zabaltzeko Bigarren Mailako neurketa izango da. Bertan, Monze eta Lazkano Lanberten eta Migueltorenaren aurka lehiatuko dira. 

Xistera

Xisterak, Euskal Herriko Xistera Kluben Klubak, urteko batzarra egingo du bihar Mutrikuko Zabiel jauregiko eraikinean. Lehen deialdia 17.00etarako dago egina, eta 30 minutu geroago, bigarrena. Parte hartze handia espero da; izan ere, Xistera proiektuak bultzada handia eman dio zestari. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako klubak ordezkatuta daude.