Jon ORMAZABAL
PILOTA

Ilusioa mantentzeko lanak

Manomanistan egoteko eskubidea zuela uste du Mendizabal III.ak, baina kanporaketa jokatu beharko du.

Gaur egungo pilota enpresek duten politikarekin, argi dago garaiko izarren artean edo etorkizun hurbil batean izar handi izan daitezkeenen multzoan ez dauden pilotariek gero eta zailagoa dutela protagonismo apur bat izateko. Astean zehar gero eta jaialdi gutxiago daude, hauetariko asko bi partidatakoak dira gainera, eta txapelketa nagusietan parte hartzeko aukera apurren bat izaten dutenek hantxe defendatu behar izaten dute euren estatusa, askotan gainera partida bakar batean.

Horixe da, beste batzuen artean, Aitor Mendizabalen kasua. Binakako txapelketatik eta estelar handietatik kanpo, Lau eta Erdikoa eta Buruz Burukoa ditu bere lekua aldarrikatzeko ia aukera bakarrak, nahiz eta aurten konturatu den kantxan irabazitakoa ere sarri haizeak eramaten duela.

Izan ere, iaz lehen kanporaketan Jose Javier Zabaletari Lekeition 22-3 irabazita, pentsatzekoa zen aurten lekuren bat gordeko ziola enpresak Manomanistan, baina kasurik onenean ostiral honetako kanporaketa gainditu beharko du hurrengo txapelketa nagusian parte hartu ahal izateko. Etxeko pilotalekuan Erik Jakaren aurka jokatzera behartu du enpresak eta oraingoz ez dago argi beste kanporaketa aurrekoren bat jokatu beharko duen edo ez. Berez, enpresaren asmoa da Antzuolako irabazleak Jon Jaunarenaren aurka joka dezala –iazko lehen kanporaketan Julen Retegik kanporatu zuen–, baina leitzarrak Binakako Promozio mailako finala jokatu behar du martxoaren 31n; ez du, beraz, buruz burukoan entrenamendurik egiteko denborarik izango, eta zalantzak ditu, banakakoari muzin egin edo ez. Antzeko egoeran da Jose Javier Zabaleta ere, asteburu honetan jakingo du Binakako Txapelketa nagusia jokatuko ote duen eta Etxarrengoak ere ez luke txapelketa prestatzeko aukerarik izango.

Egoera ez da, berez, batere gustagarria Buruz Burukoa mimoz prestatzen hasia zen Aitor Mendizabalentzat. «Ilusioa batzuetan kendu ere egiten dizute, nik uste aurten barruan egotea tokatzen zitzaidala iaz lehen partida irabazi nuelako baina hala tokatu da eta, beti bezala, kantxara irtengo gara dena ematera eta ilusioarekin», adierazi zuen antzuolarrak igandean Euskadi Irratiko mikrofonoan.

Esplikaziorik ez

Kazetariak galdetuta, enpresak inolako argibiderik ez diola eman aitortu zuen eta berak ere ez omen du eskatu. «Askotan ixilik egoteak gehiago balio du. Hori egin duenak badaki ez dagoela ondo eginda, baina nik ez daukat beste ezer egiteko. Esandakoa ixil-ixilik eta ahal den ondoen egin», gaineratu zuen aurrelariak, polemikarako batere intentziorik gabe. Gainera, inork baino hobeto daki azken unera arte gauzak asko alda daitezkeela eta gutxien espero duenean txapelketan sar dezaketela.

Urrutiegi joan gabe, azken Lau eta Erdikoan, Mendizabalek atarikoa galdu zuen Sorian Elezkanoren aurka, baina azken unean Irribarriak uko egin zion txapelketa jokatzeari eta kaiolan izan zen atarikoa galdu arren.

2013ko txapelketan ere gertatu zitzaion gauza xelebrerik Mendizabal III.ari, Ezkurdiaren aurkako beste atariko bat jokatzera behartu baitzuten. Partida hura irabazi zuen antzuolarrak, baina kanporatua geratu arren Ezkurdia txapelketan sartu zuen enpresak, zozketak elkarren aurka jarri zituen berriz eta Arbizukoak egin zuen aurrera.

Ezustekorik ez GRAVNI hasieran

Ezusteko handirik gabe hasi da iragan asteburuan GRAVNI txapelketa. Nafarroak eta Gipuzkoak jokatu dute lehen jardunaldiko lehiarik gogorrena eta azkenean etxekoak, egungo txapeldunak, nagusitu dira, orotara 11-9 ezker horman eta 9-5 trinketean. Beste behin ere, argi geratu dira herrialde bakoitzaren indarguneak eta nafarrek frontoian erremintan irabazi dute eskuzko modalitateetan galdutakoa. Trinketean, aldiz, ez da halako desberdintasunik antzeman talde bataren eta bestearen arteko ahulguneetan.

Bizkaiak ontzat eman beharko du Errioxara egindako bisita, nahiz eta eskuz frontoian izandako hirunako berdinketak ez dien oso aho gustu onik utzi. Iparraldeko taldeak, bere aldetik, indartsu ekin dio lehiaketari Arabaren aurka. Trinketean indartsuenak direla argi utzi dute berriz, baina eskuz ere nagusi izan dira, 9-3 eta 9-1 emaitzekin. Arabarrek ezin dute pozik egon.GARA