«Garai batean zatiketa izan zen tokian orain adar berri bat ernatu da»
Hasier Larretxearentzat (Arraioz, 1982) sorlekurako itzulera izan da «El lenguaje de los bosques» (Espasa). Madrilen hamabi urte daramatzan poetak bere aita Patxi Larretxea aizkolari eta herri kirolariaren oroitzapenetatik abiatuta, basoarekin eta zurarekin zerikusia duten hamaika istorio bildu ditu liburu honetan. Sustraiak, oroitzapenak eta basoaren izpiritua biltzen dituen agerkaria da.
Garbi du Hasier Larretxeak: «Nire aitzineko liburu guztiak kondentsatzen ditu honakoak». Sorlekuaren gaineko erreferentziak etengabeak izan dira bere poesiagintzan eta, memoria-liburu eta saiakera generoak nahasten dituen “El lenguaje de los bosques” osatzeko, sorlekurako bidaia intimoa gauzatu du, bere aitaren oroitzapenetatik abiatuta. Patxi Larretxea aizkolari eta herri kirolaria du aita, Donato Larretxea aizkolaria osaba, eta Hasierri ere herri kirolekiko irrika pizten ahalegindu baziren ere, beste bide batzuk urratu, eta korronteak Madrila eraman zuen orain hamabi urte. Handik Baztan-Bidasoa ezberdin ikusten duela dio. Distantziak bestela ikusezin direnak ekarri dizkiola begien aurrera. Hortik ernatu zaiola sorlekuaz, familiaz idazteko beharra.
«Aunitzetan erran izan diot aitari berak merezi duela liburu bat gutxienez, bere istorio guzti horiekin, bai herri kirol esparruan, bai basoko kontuekin. Baina, duela urte gutxi arte, berak ez zuen maite kontu guzti horietaz hitz egitea», azaldu du Larretxeak, telefonoaren beste aldetik. Iritzia semearekin espazio berriak partekatzean aldatu zuen. Izan ere, azken urteetan hainbat performance egin dituzte, aita eta ama herri kiroletan ari direla eta semea poesia errezitatzen. «Bi belaunaldi, nirea eta nire aitarena uztartu ditugu. Garai batean zatiketa izan zen tokian orain, kimaketa baten ondorioz, adar berri bat ernatu da. Erlazio polit bat dago eta iturburu berera begiratzen dugu, sorterrira, tramankulu desberdinekin bada ere: berak aizkora besoan eta nik boligrafoa edo ordenagailua eskuetan».
“El lenguaje de los bosques”-ek ibilbide bat proposatzen du Baztan-Bidasoa aldeko basoetan barrena, Patxi Larretxearen bizipenetatik abiatuta. «Aitak hainbat istorio kontatu dizkigu basoko lan kontuen eta bere gaztaroaren inguruan; adibidez, nolatan egin zuen lehendabiziko apustua, nolatan erraten zuen eri zegoela... jukutriak. Nola hil izan zaizkion lagunak mendi-lanetan. Nola eraman zuten Candanchura, baserritik kanpo bere lehen lan esperientzia izan zena, eta eduki zuten baso batean bakarrik bi hilabetean eskopeta batekin eta dirurik gabe, laurehun animaliarekin. Jatekorik ez, eta animaliak hil behar izan zituen jateko».
Bi belaunaldiren arteko loturak hirugarren bat ere hartzen du: aitonarena. «Kontrabandista zen, eta aitaren osaba guztiak ere bai. Baztan-Bidasoa mugalde horretan hainbat jende ibili da kontrabando lanetan eta kontatu dut nola ibiltzen ziren brigadilla edo zibilez joaten ziren guardia zibilengandik ihesi, etxez etxe nola aritzen ziren...».
Eta anaia Garikoitzek ere badu bere zatia liburuan. «Aitarekin mendi lanetan ibiltzen da eta, gazte mailan txapeldun izan bada ere, herri-kiroletan ez du jauzi hori eman bertze mailetara», zehaztu du Larretxeak, anaiak liburura egungo gazteen ikuspegia dakarrela nabarmenduta: «Tristea da ikuspegia. Ez da gazterik lan horiekin jarraitzeko; sektore zaharkitua da. Ez dugu ahaztu behar zura mozten dutela modu kontrolatuan, beharrezkoa dela zaharkitua dagoen zura moztea zur berria indartsu hazteko eta basoa biziberritzeko. Beraiek dira basoen zaintzaileak».
Familiaren abaroan bildutako istorioez gain, hainbat elkarrizketa ere egin ditu Larretxeak. Tartean, Montxo Armendarizekin solastatu da “Tasio” filmaren inguruan, honen bidez Maria Mikelez ikazkinarekin mintzatu eta honen bizipenak ere ekarri ditu liburura, Donato Mendibe almadiazainaren ilobarekin ere bildu da, besteren artean. «Iñaki Aierra ibilia da almadiaren eguna sustatzen eta bere aitona ibili zen Pirinioetan, handik jausten zuten zura, 1952ra arte gutxi goiti-beheiti Esako urtegia ireki zuten arte. Orduan izan zen eginkizun honen bukaera», ekarri du gogora.
Abiapuntua izan dituen elkarrizketak badira ere, autoreak beste hainbat gairen gaineko istorio eta gogoetak biltzeko ere baliatu du abagunea: «Zuraren eta basoen inguruko zantzuak daude nire aitaren ikuspegitik, nola landu zura, noiz moztu, nola zaindu behar diren basoak eta halakoak, baina sakonean badago informazioa eta sentsibilizazio nahi bat». Hala, baso zainketaz, administrazioetatik bultzatu diren landaketez eta industrializazioaren ondotik sortu ziren paper-fabriken eraginez ere hitz egiten du.
Eta arteari eta kulturari ere egin dio lekurik, txalapartaren bidetik. Artze anaietatik hasi eta Laboaren “Bat, Hiru” diskotik pasata, egungo Oreka TX edo Kalakan-eraino. Larretxeak Playlist bat ere osatu du: «Hor bada nolabaiteko ibilbide bat eta egin dudana da zuraren edo basoaren inguruan mintzo diren kantuen zerrenda osatu», azaldu du.
Sustraietarako itzulera
Liburua ataletan antolatu beharrean zuhaitza osatzen duten elementuetan banatu du, sustraietatik hasi, enbor eta adarretatik pasa eta hostoetaraino. «Garrantzitsuak dira liburua antolatzeko izan dudan modu horretan egin ditudan paralelismoak. Hau da, sustraiez mintzo naizenean mintzo naiz lurraz, baina mintzo naiz baita ere bakoitzaren sustraiez, sustraietara itzultzeaz, eta baliatzen dut hori hitz egiteko nire erlazioaz nire familiarekin, identitateaz...».
Larretxeak liburu hau idaztea sustraietara itzultzea eta naturarekiko lotura berritzearen pareko izan dela ziurtatu du. «Itzulera izan da. Batzuetan, sorburuan edo sorterrian bizi zarenean ez zara ohartzen dituzun aberastasun horietaz, hor dauden elementu horietaz. Hamabi urte daramatzat Madrilen eta badut beharra, berritzultzeko eta makila hartu eta basoan galtzekoa, bai fisikoki, baina gehienbat emozionalki». Eta bidaia emozional horretan iraganean oharkabean pasatu zitzaizkion kontuei arreta ematen eta balioan jartzen ere ikasi duela dio. «Haurtzaroan aitak kontatutako istorio zoragarriak ez aditzetik interesa pizteraino eta hainbat kontu lehendabiziko aldiz entzuteraino pasa naiz, eta izan dugu izugarrizko hartu-emana edo sinbiosia. Biziki esperientzia zoragarria izan da, opari bat niretzat».
Emaitzarekin pozik, irakurleek ikusmoldea ireki eta basoak begi berriz begiratzea nahiko lukeela ere agertu du Larretxeak: «Nahi nuke begirada luzatu dezaten beren ingurura eta naturara, eta batik bat bakoitzaren barnera. Eguneroko traben aitzinean, natura eta basoak bai baitira irtenbidea. Norberarekin aurkitzeko espazio libre, bare eta beharrezkoa».