Idoia Eraso
Elkarrizketa
Karmen Galdeano
GALek hildako Xabier Galdeanoren alaba

«GALen biktimei eman zizkiguten kalte-ordainak ukatu dizkigu Justiziak; Europara jo behar izan dugu»

Atzo Baionako foroan beren testigantza eman zuten GALen eta ETAren ekintzek eragindako bi biktimei galdera berak pausatu dizkiegu. Iraganari, orainari eta etorkizunari buruz dituzten ikuspegi eta gogoetetan antzekotasunak eta ezberdintasunak agerian gelditzen dira.

Xabier Galdeano/Joxe Mari Korta ezagutu ez zutenei, nola azalduko zenieke nor zen, eta zein aztarna utzi dute zugan bere bizitzak zein heriotzak?
Oso pertsona alaia zen eta oso konprometitua. Bilbon hasi zen lanean; Hernanira eta handik Iparraldera alde egin behar izan zuen. Han gure etxeko ateak beti zabalik zeuden ingurukoei laguntzeko. Berehala GAL hasi zen, eta horrekin oso momentu gogorrak bizi izan genituen. Orain dela 33 urte etxe azpian erail zutenean inguruan sentitu genuen maitasuna oso handia izan zen, berak emandako elkartasun hori guganakoa bilakatu zelako. Berak eman digunarekin hazi gara eta hazi ditugu gure seme-alabak. Bera beti erreferentzia izango da guretzat, eta oso harro nago.

Biktima gisa, babestuta sentitu al zara jendartearen, erakunde politikoen eta justiziaren aldetik?
Ez, biktimen munduan urteetan ez gara existitu; gure existentzia aldarrikatu behar dugu gaur egun ere. Eusko Jaurlaritzan duela sei urte-edo hasi ziren pausoak ematen. Derrigorrezkoa da GALen erailketak onartzea. Argi daukagu alde horretatik pribilegiatu txiki batzuk garela; oraindik badaude hainbat biktima inolako aitortzarik ez daukatenak. Justiziaren bidetik, gure kasuan zuzeneko hiltzaileak atzeman zituzten, epaituak eta zigortuak izan ziren. Ez dugu jakin nahi izan zenbat denbora eman zuten espetxean. Uste dut gurekiko benetako justizia guztiaren egia aitortzen denean egingo dela. Momentu honetan ere, bere garaian GAL eta Batallon Vasco Españolen biktimei eman zizkiguten kalte-ordainak ukatu egin dizkigu Justiziak; Europako auzitegietara jo behar izan dugu.

Gaur egun biktima guztiei tratamendu egokia ematen zaizuela iruditzen al zaizu?
Oso kategoria ezberdineko biktimak sortu ditugu, batzuk oraindik existitzen ez direnak, baina pausoak ematen ari gara. Batzuk prest daude Estatuaren lana indartzeko, eta horiek beti lehen lerroan egongo dira, baina egia da ere gorroto eta mendeku nahi horretatik aparte, ETAren biktima asko daudela Euskal Herria eraiki nahi dutenak, lasai, beren seme-alabekin berriro hau gerta ez dadin.

Zergatik eman duzu Baionan egiten ari den foroan parte hartzeko pausoa? Eta etorkizunari begira, zein paper aitortzen diezu biktimei bizikidetza eraikitzeko lanean?
Inportanteak dira horrelako foroak. Estatuei erakutsi behar diegu ez dagoela errelato bakarra, eta jendarteak ez duela hori errepikatzea nahi. Pentsatzen dut etorkizun hurbilean lagundu dezakegula gure testigantzak emanez eta gorroto hori bistatik kentzen. Baina onartu behar dugu oso subjektiboak garela, eta ezin zaigula hainbesteko boterea eman. Guk egiaztatu behar dugu gertatu dena, eta biolentzia tarte honi bukaera duin bat eman. Ezin dugu askoz gehiago egin. Jendarteak egin behar du; guk lagundu ahal dugu, baina beti bigarren postu batean.