GARA
Surfa

Zarauzko txapelketa, jada azken txanpan

Zarauzko QS txapelketa azken txanpan sartuko da asteburuan. Lehen kanporaketak jokatuta, jada zortzi surflari onenak bakarrik geratzen dira emakumezkoen lehian eta 16, gizonezkoen norgehiagokan. Eguraldiak okerrera egingo duen arren, itsasoaren baldintzak ez dira txarrak izango olatuen tamainari dagokionez, eta ikusi egin beharko da haizeak zenbateraino itsusten dituen olatu horiek.

Gaur 08.00etarako deialdia egina dago gizonezkoen bosgarren kanporaketa martxan ipintzeko. Lau surflariko lau txanda izango dira. Aurrenekoan Hodei Collazo uretaratuko da, Jonas Bachan, Vicente Romero eta Jorgann Couzinetekin batera; bigarrengoan Ugo Robin, Rafael Teixeira, Luis Diaz eta Gony Zubizarreta neurtuko dira; hirugarrenean Aritz Aranburu eta Imanol Yeregi sartuko dira Nic Von Rupp eta Jose Gundensen aurkari dituztela; eta laugarrengoan Mihimana Braye, Lens Arancibia, Tristan Guilbaud eta Maxime Huscenot izango dira protagonistak.

Ondoren, emakumezkoen final-laurdenak hasiko dira. Lehen txandan Pauline Adok Carol Henrique izango du aurkari; bigarrenean Garazi Sanchez eta Marion Philippe nor baino nor; hirugarrengoan Leticia Canales Teresa Bonvaloten aurka arituko da; eta azkenengoan Camilla Kemp eta Mikaela Green izango dira bi protagonistak.

Honi buruzko guztia: Surfa