Maite UBIRIA BEAUMONT

Herriarekin gauzatu zen armagabetzeak badu bere oroigarria

Iazko apirilaren 8an eguzkipean egiaztatu zen armagabetzea, nonbait lurrari epeltasuna emanez bere baitan har zezan bakearen hazia. Alta, euripean altxatu zuten atzo jendeak ahalbideturiko urratsa memorian iltzatuko duen eskultura. Aizkora buruz behera dago, eta bere kirtenetik herria babestuko duen zuhaitz sendoa hazi da.

Armagabetze egunean txapelak eta haizemaileak bilakatu ziren Baionan elkarturiko milaka eta milaka bakezaleen osagarriak. Bero sapa egin zuen Euskal Herriko memoria kolektiboan luzaroan toki berezia izanen duen egun zirraragarri hartan.

Atzo egun grisa esnatu zen. Hartara, euri azpian igaro zen iaz Paul Bert plazan bildu zen jendetzak erein zuen hazitik urtebete beranduago Roland Barthes zabalgunean loratu den arbola berezia agurtzeko ekitaldia.

Ostegunaz geroztik Herriko Etxeko langileek eginiko esfortzuari esker, Koldobika Jauregik armagabetzeari eskainitako eskultura tente eta harro ageri zen atzo jende aitzinean.

Aizkora betirako lurrean etzanda geratu zedin, Ortzaizen lehenik, Luhuson gero eta apirilaren 8an Baiona inguruan –zuloak gordetzen– lan isila egin zuten ehunka eta ehunka boluntario oroigarri horren hartzaile naturalak bilakatu ziren atzo.

Bake Bideak eta bakegileek Baionako hiriari eskaini zioten mezenasgoaren bidez ordainduko den obra. Era berean, dohaintzei buruzko behin-behineko informazioa eman zuten. Enpresa ezagun askok –Agur, Salaberry, Alki, Sokoa, Irazoki...– lagundu dutela nabarmenduz.

Unibertsitatearen hurbilen dagoen zabalgunearen txoko batean ezarri dute 8 metroko altuera eta 4 metroko zabalera duen burdinazko erraldoia. Kokapena hiriko auzapezak proposatu ziola aitortu zuen egileak.

Denok batera

Zentsurazaleek protesta minimalista bat burutu bazuten ere, auzolanean eraikitako bakeari eskainitako obrak ika-mikak gaindituko dituela adierazi zuen Jauregik. Bidasoaren bestaldeko kanpainak oihartzuna izan zuen joan den astean, Baionako udalbatzan. Oposizioko hainbat hautetsi –eskuinekoak gehienak baina Henri Etcheto sozialista buru duen udal taldeko eledun batzuk ere bai– Etchegarayren aurka oldartu ziren. Alta, Baionako auzapezak atzo hitza hartu zuenean, bere ondoan izan zituen Max Brisson eta Vincent Bru –bata eskuindarra bestea zentrista, biak ala biak legebiltzarkideak Parisen– eta Kotte Ezenarro sozialista, Euskal Elkargoko lehendakariordea.

Hala, hitzaldi guztietan haizatu ziren bakea batasunetik eta aniztasunetik eraikitzen jarraitzearen aldeko mezuak indartu egin ziren. Ekitaldian Iparraldeko dozenaka ordezkari politiko, sindikal eta gizarte eragile bildu ziren. EH Bilduren eta ELA sindikatuaren ordezkaritzak ere bertaratu ziren. Iazko apirilaren 8an eguzkia itxaropenaren sinbolotzat agurtu zuen Harold Good elizgizon irlandarra ez zen atzoko euriarekin kikildu. Sufritu duten guztiak eta askatasunaren zain diren presoak gogoan izan zituen.

Agurraren orduan, cicerone lana egiteko agindu zien ekitaldira joan ziren herritarrei. «Baionara etorriko diren bisitariei, eskultura honi buruz galdetzen dizuetenean, esaiezue, lasai asko, ondoko belaunaldiak aintzat hartuta mundua suntsitzen duen gerra baino hobea den bakearen bidea hautatu zenutela zuen herriarentzat».