Ruben Pascual
Kazetaria
IKUSMIRA

Neure kontraesanen defentsan

Beti beldurtu izan naute ziurtasun zurrun eta infinituen artean bizi direnek. Lur irmoa besterik zapaltzen ez dutenek. Harea mugikorretan hondoratzen doanaren gisan, ezagun duten oro inoiz deuseztatzen ikusi ez dutenek. Zer egingo diogu, bada? Konfiantza betiereko eta arrakalarik gabekoan bizi direnak ez zaizkit sekula fidatzekoak iruditu.

Jakin badakit bizitzak okerreko albotik astintzen gaituenean erosoagoa zaigula ziurtasun hori. Egun hain modan dagoen konfort gune hori ahalik eta zabalena izatea. Errazagoa zaigu nonbait munduari xake taula bati bezala begiratzea, dena zuri edo dena beltz. Gris eskalarik gabe. Ñabardurarako aukerarik ñimiñoena utzi barik. Manikeismoaren betaurrekoak jantzita, guztia on eta gaiztoen artean sailkatzea afizio izan dugu maiz. Lagunak lagun ditut. Arerioen arerioak ere, adiskide. Gure sinesmen hauskaitzetatik zenbat eraiki ditugu parametro berdintsuen arabera?

Ez genuke ahaztu behar, baina, mundua nabarmen konplexuagoa dela. Bizitzak berak ez daukala horren antz izpirik. 1927an Werner Heisenberg fisikari alemaniarrak ziurgabetasun printzipioa enuntziatu zuen, grosso modo esaten duena: ezin dela dena erabateko ziurtasunez ezagutu edota aurreikusi, beti dagoela ziurgabetasunerako tarte bat.

Kontraesan eta zalantzek, hausnarketarako abagune bikaina emateaz gain, beti uzten dute aldaketarako atea irekita. Guztia iraultzeko funtsezko motorra dira. Horregatik egin nahi diet gaur gorazarre lerro hauetatik. Gora dudak!