Realeko zuzendaritzako kideak
Ondo iruditzen zaizue Realaren gizonezkoen futbol taldeak 30.000 pertsona sartzen diren estadio batean jokatzea eta Realaren emakumezkoen futbol taldeak 1.000 pertsona sartzen diren zelai batean jokatzea? Ondo iruditzen zaizue beti horrela izatea?
Nik 13 urte ditut, eta ez zait ondo iruditzen, eta horregatik idatzi dut hau. Realeko emakumeak ikustera jende gutxiago joaten da jendeak ez dakielako ia ezer Realeko emakumeei buruz, Realeko gizonei garrantzi handiagoa ematen zaielako, bai prentsan eta telebistan, bai gizartean.
Nik uste dut jendeak jakiten badu Realak emakumeen futbol taldea daukala eta jendeak jakiten badu gizonak bezain onak direla, jende asko joango dela partidu bat ikustera.
Horregatik, gustatuko litzaidake maiatzaren 12-13ko asteburuan jokatuko den Real Sociedad-Athletic Club derbia Anoetan izatea eta ahalik eta jende gehiena joatea. Partidu berezia izango da derbia delako eta Realak Kopan sartzea izan dezakeelako jokoan.
Reala ez da lehenengoa izango hori egiten. Iberdrola Ligako partiduak jokatu dira Zaragozako Romaredan (3.000 ikusle), Huelvako Nuevo Colombinon (4.000), Sevillako Benito Villamarinen (6.600), Valentziako Ciudad De Valencian (8.000), Madrilgo Vicente Calderonen (14.000), Madrilgo Wanda Metropolitanon (24.000) eta Bilboko San Mamesen (35.000).
Zergatik ez Anoetan? Zenbat joango ginateke? Eta proba egiten badugu?
Realeko zuzendaritzakook benetan Reala maite baduzue, eta ez bakarrik gizonen Reala, aukera ona duzue hori frogatzeko. Zuen esku dago. Zuen erabakia da. #EmakumeakAnoetara!