Ainara Lertxundi
Kazetaria
IKUSMIRA

Bizitza-eskubidearen aldeko saria

Helena Maleno ekintzaileak Bakearen eta Berradiskidetzearen Aldeko XIV. Gernika Saria jasoko du gaur, Daniel Barenboin musikari israeldarrarekin batera.

Polizia espainolaren txosten bat oinarritzat hartuta, ikerketa ipini du abian bere kontra Marokoko Justiziak. Legez kanpoko immigrazioa bultzatzea eta «gaizkile talde bateko kide izatea» leporatzen diote, besteak beste.

Malenoren sakelako telefonoari esker, itsaso zabalean noraezean eta arriskuan dauden etorkin askok onik ateratzea lortu dute. Beti piztuta duen mugikorrak bizitza asko salbatu ditu. Malenoren eta erreskate lanetan boluntario gisa dihardutenen elkartasuna txalotu beharrean, delitu bilakatu nahi dute mugen segurtasunaren aitzakiapean.

Datorren maiatzaren 7an Proem-AID gobernuz kanpoko erakundeko hiru suhiltzaile epaituko dituzte Grezian erreskate lanetan laguntzeagatik, eta Proactivaren itsasontziak geldirik jarraitzen du Sizilian. Europan horrelako 45 auzi daude zabalik daude.

«Suhiltzaileak libre atera behar dira, Proactivaren itsasontziak berriro nabigatu behar du eta nire auzia itxi egin behar dute. Bizitza-eskubidea defendatzeagatik inor ere ez zigortzea lortu behar dugu». Malenoren hitzak dira.

Gobernu espainolak argitu beharko du Poliziak zergatik bidali zizkion Marokori Malenoren kontrako lau txosten.

Gaurko saria Mediterraneoan guztion begiradatik at hiltzen diren pertsonak –iaz 3.000 baino gehiago– gogoratzeko aukera da, baita mugen gainetik bizitza-eskubidearen eta elkartasunagatiko zintzotasunaren alde egitekoa ere.