A.K.
donostia

Iker Arruek sorkuntza egonaldia egingo du Montrealen

Gipuzkoa eta Quebec elkarlanean ari dira dantza garaikidearen sorkuntzan, hainbat erakunderen arteko kolaborazioari esker gauzatzen ari den egitasmoan. Iker Arrue eta Quebecetik etorritako John Gerena izan dira aurtengo egonaldietarako hautatutako artistak.

Quebec eta Gipuzkoako hainbat erakunderen elkarlanari esker (Foru Aldundia, Tabakalera, Dantzagunea, Dantzaz Konpainia, Etxepare Institutua...) bi lurraldeetako bina dantzarik sormen egonaldiak egingo dituzte aurten. Donostian izan da urte hasieran John Gerena koreografoa eta Quebecerako bidea hartuko du udazkenean Iker Arrue dantzariak.

Otsailean tokiko koreografoei zuzendutako deialdia bideratu zuten erakundeek. Jasotako proiektuen artean, Iker Arrue koreografoak “TOC” ikuskizuna prestatuko du Montrealgo EDCM zentroan dantzari garaikide profesional izateko ikasketak amaitzen ari direnekin, eta bertako Cru d´Autonme jaialdian emango dute 2018ko abenduan. Guztira bi hilabete egingo ditu Arruek udazkenean Montrealen, ordu erdi inguruko ikuskizuna prestatzen.

Iker Arruek nazioarteko erakundeen arteko hitzarmenenaren garrantzia nabarmendu zuen egitasmoaren aurkezpenean, tokiko dantzariei aukera ematen baitie beren ibilbidea aberasteko, nazioartekotzea eta irakaskuntza lehenetsiz. Ai Do Project dantza konpainiaren sortzailea da Arrue, eta badute alzheimerra duten gaixoei zuzendutako proiektu pedagogiko bat. Montrealgo egonaldia goi mailako eskola batean sorkuntza proiektu bat egitean datza. Eta Arruek bertan prestatu nahi duen proiektua ildo beretik doa. «Trastorno obsesibo konpultsiboaren inguruko lana izango da, horren inguruko hausnarketa bat. Hilabete pare bat daramat proiektu horren gainean lanean», azaldu zuen.

Proiektuaren aldebikotasuna dela-eta, aurretik Quebecen egindako deialdi baten ondoren, pasa den urtarriletik martxora John Gerena koreografoak “El extraño” lana prestatu zuen Tabakaleran eta Dantzagunean Dantzaz konpainiako 12 dantzarirekin. Lan horren emaitza Andoaingo Bastero Kulturgunean erakutsi zen eta Dantzazen ikuskizun baten parte izango da.