Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Aldaketa beharra

Edadekoek esango dute, baina nik egundo ez dut bizi izan elkarbizitza arautzen duten instituzioekiko egungo sinesgarritasun sozialik eza. Jendartearen pertzepzioa aldatu da, gertakizunekiko jarrera. Barne eta kanpo aldaketaren beharra piztu da gehiengoaren barruan. “La Manada”-ren epaiaren osteko erantzun soziala adibide argia da.

Domino efektua legez, erortzen doaz Estatuaren zutabe sinbolikoak. Arrazoi politikoaren ahultasunak legearen aplikazio hutsari bide eman zion. Gero, espainiar Justizia ministroa epaileen gaitasunarekiko zalantzak ereitera heldu da, horien arazo pertsonalak argudiatuta. Estatuak arazo guztia pertsona konkretu batzuk direla sinetsarazi nahi digu, beste behin ere. Horretarako, indarkeria hutsa erabiltzetik babesten duen azken mozorroa, legearen inperioa, susmopean ezarri behar badu ere.

Gure elkarbizitza arautzen duten instituzioak, berez, sozialki konpartitutako fikzioetan oinarritzen dira. Egia, justizia, berdintasuna, babesa... izeneko fikzio kolektiboak. Eta jendarteak instituzioak fikzio konpartitu horiekin lotu ezik, ezin existitu litezke luzaroan.

Palestinarrek, 2010ean, distentsio sasoien garrantziaz hitz egiten zuten. Estatuaren aurkako konfrontazio sasoiak, eraginkorrak izateko, denboran ondo neurtu beharra azpimarratzen zuten. Euren funtzio nagusia, ondoren zetorren distentsio sasoirako baldintzak sortzea zen. Distentsio horrek Estatuan higadura handiagoa eragin zezakeen, izoztutako barne tentsioen berragerpen eta agenda informatiboaren aldaketaren bidez.

Normalean aldaketa politiko eta sozialak ordezkapen bidez gertatzen dira. Gizakiaren gehiengoaren berezko izaerak ez ei dio uzten zerbait aldatzen, guztiz usteldurik egon arren, ordezkoa izan arte. Abagunea erabatekoa da. Arriskua da ez ote den jendearen energia galduko kalearen eta gauzak benetan aldatzeko ezinbestekoa den artikulazio politikoaren arteko labirintoan.