Ariane Kamio
(Euskal) Kazetaria
IKUSMIRA

Iltze bat bularrean

Sanferminetako bortxatzaileen sententzia ezagutu eta gutxira piztu zen eztabaida, nonahiko iritzien plaza zabaldua –sartu eta bota, doan da–. Gizonen analisi serioa, eta GU, bitartean, salaketa posizioan tenkatuta. Gogorarazi zidan, behin, ginekologoarenean (gizonezkoa bera ere) egindako azalpen bat. Intseminazio bidezko haurrak dituen edonork ezagutuko du zer den histerosalpingografia bat. Hitza nondik datorren, agian ez. Medikuaren alorrari atxikitakoak zaborreratuta, histero hitza, grezieraz hystera, umetokia, uteroa. Eta hortik, emakumeei historikoki atxikitako «histeria». Horixe, GU, bitartean, histeriak jota eta hankak zabalik.

Gertatu zitzaidan lerrootara ekarriko ez dudan episodio bat –episodioa, bai, serie bateko tramaren parte izan zitekeen–, balio izan didana baieztatzeko gure paperak galtzeko eskubiderik eza mozorrotzen dela –dutela– histeria barregarri baten fenomeno gisa. Ridikuloaren pare jantzitako akuilu moral paternalista, non emakumea den suhar inkontrolatua, non erakutsi behar baitzaion oraindik kasketak baretzen, iritzi propioak ez hanpatzen –«ez horrela jarri, ez da hainbesterako!»–, besteei gertatzen dena gertatuta ere flekillotik –daukatenei behintzat– ile bakarra mugitzen ez zaien bitartean. Gizarte engominatu bat.

Uste nuen bazirela bi eskola mota. Akademikoa, bata; kalekoa, bestea. Bada hirugarren bat ere, ordea. Egunerokoan itzal egiten dutenena, generozko ainube ikusezin baina antzemangarria. Esan gabeko deklarazio bat, begien aurrean botatako hordago finko bat, eremu finkatze bat, errespetu betebehar inposatu bat. Iltze bat bularrean.