Arraroa beti bestea
Lehen begiratuan, liburu hau arraroa egin zitzaidan. Arrotz ikusten nuen Ainara Azpiazu Axpi idazle lanetan, eta Paula Estevezen ilustrazioak bitxiak iruditu zitzaizkidan, haur literaturarako helduegiak, agian.
Hala ere, ikusten nuen bakoitzean, bazirudien irakurtzeko erregutzen zidala, azaleko neskatoaren begirada pentsakorrak nik ikusi gabe nuen zerbait ezkutatuko balu bezala.
Lehen irakurraldiak bigarren bat eskatu zidan eta orduan hasi nintzen bitxikeria guztiekin gozatzen. Fanzine batetik irtendakoak diruditen pertsonaiak, kolore indartsuen hautaketa ausarta… Eta testua, xehea bezain esanguratsua.
Helduok haurrentzat jartzen ditugun “betaurrekoak” kendu eta ume-begiekin irakurtzen hasi nintzenean ilustrazioak apartekoak iruditu zitzaizkidan. Testua, berriz, zuzena, garbia, zehatza. Zortzi urteko alabari ere izugarri gustatu zitzaiola ikusteak erakutsi zidan, beste behin ere, haurrek ez dutela infantilizatutako literaturarik nahi, benetakoarekin gozatzen dutela, helduok bezala.
Lehen orrialdean, protagonista bere leihotik beheko bizilagunaren esekitokiari begira ikus daiteke, hark ileorde horia zintzilikatzea arraro egiten zaiola pentsatuz. Jarraian, bere amari arrotzagoa iruditzen zaiona aipatzen du. Ondoren, bere bizilagunek bitxitzat jotzen dituztenak kontatzen ditu, banan-banan. Hor ikusten da norberarentzat arraroa beti dela bestea. Baina amaieran, bizilagun xelebre guztiak ezagutu ostean, seguru, irakurleari arraroaren eta normalaren arteko muga hasieran baino lausoagoa irudituko zaiola.
Liburu honek gure bizilagunei buruz hitz egiteko gaia ere eman dezake, arrarotzat beti bestea jotzen dugula ikusteko eta geu ere haiek bezain arraro izan gaitezkeela onartzeko abagune polita.
Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak, Iruñeko Udalarekin batera, antolatzen duen Bikoteka jardunaldietan sortu omen zen Axpiren eta Estevezen arteko lan hau. Hain zuzen, idazlea eta ilustratzailea elkarlanean jartzeko aukera ematen dute topaketa horiek. Aitortzen dut Axpik eta Estevezek osatutako bikotearen berri jakin nuenean, benetan arraroa egin zitzaidala Ainara Azpiazu idazle gisa ikustea, baina, zorionez, album honetan, bere lana ederki burutu du. Hortaz, ea ausartzen den eta hemendik aurrera berak osorik egindako liburuez gozatzeko aukera ere eskaintzen digun.
Dena dela, kontakizun honetan ilustratzailearen eskuak indar handia du: bi orrialdetara egindako ilustrazioak dira, kolore bizikoak eta iradokitzaileak. Estevezen lana ez nuen ezagutzen eta oso aurkikuntza interesgarria izan da. Komiki-marrazkilari eta ilustratzaile donostiarra da, autoedizioan lan handia egindakoa. Hain zuzen, Mikel Larraiozekin eta Maite Caballerorekin batera Guillotina sortu zuen, dagoeneko lau edizio izan dituen Donostiako autoedizio topaketa. Horrez gain, 2011tik sei argitalpen autoeditatu ditu eta hainbat fanzinetan ikus daiteke bere lana: “Gaztezulo”, “Hijos Acabados”, “Berlin Scrawling”, “So International Zine”…
Bikoteka jardunaldietatik sortutako elkarlan haren fruitua XI. Etxepare sarira aurkeztu zuten, eta epaimahaiaren iritziz onena izan zen. Orain Pamiela argitaletxeak kaleratu du oso edizio zaindu eta txukunean.
Egia esan, ez da ikasgaietan galtzen den liburua eta gustura hartzen da. Hala ere, zer pentsa eman dezake. Izan ere, arrotza zaiguna beti izan ohi da bitxia, baina zenbat eta gehiago gerturatu eta ezagutu, orduan eta “normalagoa” egiten zaigu. “Normala”, zer hitz arraroa, ezta?