Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Puntu eta jarrai

Irakatsitako historia hiltzaileek idatzi zuten eta ikasi genuena sinetsi ere egin genuen» kanta kotxean bueltaka izan dut azken egunetan. Ikastolako zein eskola publikoko irakasle euskaltzale eta abertzale burugogor batzuengatik izan ez balitz historia ofiziala ikasi eta sinetsi ere egingo genukeen. Eta irakasle batzuen iniziatiba propioagatik izan ez balitz, Euskal Herriaren historiaz, euskaltzaletasunaz, euskal literaturaz apenas ezer ikasiko genukeen.

Institutuan izan ziren nire lehen militantziak, euskaltzaletasunak bultzatuta. Familia euskalduna izateak bultzatutako kontzientzia lauso batek eraginda ere bai seguruenik, zeharka bada ere. Gogoratzen dut Asier eta Iñaki herrikideen heriotza dispertsioaren erruz garai bertsuan. Gogoratzen ditut Negu Gorriak, Etsaiak, RIP eta La Polla. Urte batzuk lehenago –eternitate bat lehenago mutiko baten begietatik– akorduan ditut Aldayaren askatasuna Elgoibarren eta Ortega Lararen bahiketa luzea. Haiek izan ziren ETAz ditudan lehen oroitzapenak. Telebistaz bizi nuen gatazka.

2018ko maiatzaren 3a eta 4a. Historiara pasako diren egunak, 60 urteko borroka ziklo baten amaiera sinbolizatzen duena. Nerabezaroan militantzian hasi nintzenetik ETAk modu batera edo bestera baldintzatu du nire bidea. Harreman gorabeheratsua izan da, harreman guztiak bezala. Ez dut tristurarik. Harrotasuna bai, herritarrekin bat eginda doalako bere azken urratsekin, etorkizuna eraikitzeko lurzorua landuta.

Nire bizitza bezala, herri honen egunerokoa goitik behera baldintzatu du ETAk hasieratik. Gatazka testuinguru hori gabe ezin da ulertu Euskal Herrian egon den sorkuntza eta bizitasun dosi erraldoia, nahiz eta batzuek arduragabekeriaz horrek emandako guztia ukatu nahi duten, garaile eta garaituen eskema atzerakoi eta espainiarra babestuta.

ETA desagertu da, gatazkak hor dirau. Eskubide guztiak guztiontzat. Horrek izan behar luke printzipio gidaria. Garai interesgarriak dira eta asmatzea dagokigu berriz ere, bizi luzea izan dezan Euskal Herriak. Aurrera bolie!