Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Orain zer?

Bada, gure presoen alde borrokatzen segitu, are gehiago. Eskakizuna hau: hementxe nahi ditugu, denak, orain. Sekula askatasunik gabe bizi izan ez garenoi –aurrena komisarian tortura jasanarazita– zail gerta dakiguke oinarrizko eskubide bat, askatasunez joan eta etorri ahal izatea, galtzera kondenaturiko pertsona baten larruan jartzea eta gainerako giza eskubideetako bat bera ere egikaritu ezin izateak dakarren tortura psikologikoa imajinatzea.

Isolamendu-ziega batean egon ez garenoi, euskal presoen artean egoera ohikoegi horretan, zail egiten zaigu irudikatzea nola iraun daitekeen bizirik, landare eran baino harago bizirik, eta burutik amaitu gabe. Petatea beti prest eduki behar izan ez dugunoi, une batetik bestera, ohartarazpenik gabe, beste presondegi batera eraman zaitzaketelako, milaka kilometrora, zure senide eta lagunentzat are gogorragoa izanda zu bisitatu ahal izatea… Preso eta emakume ez garenoi, are baldintza latzagoetan dauden horiek, emakume izate hutsagatik, espetxeak ez daudelako prestatuta andrazkoentzat, segurtasunean asko inbertitu bada ere… Jarrai dezakegu aletzen Estatuak, bere espetxe-erakundeen bidez, oraindik ere erabiltzen dituen «metodoak», xede garbi-garbia buruan: presoei gizatasun oro kentzea.

Gure presoen kasuan, ordea, ez dute lortzen. Ez dute lortzen, zeren, neurri handiagoan edo txikiagoan, denek atera «jota» herriak harrera egiten baitie, babesa agertuz. Baina herria, ingurunea eta ohiturak ere hainbeste aldatu dira, ezen nekeza izaten baita egokitzea… jar gaitezen haien tokian, eta saia gaitezen gizarteratze-prozesu motza izan dezaten, gure epeltasuna, ongietorria eta begirunea eskainita.

Urte asko joan dira preso saharar batek –20 urte eman zituen «desagertuta», eta basamortuko espetxe batean isolatuta– bizirik nola iraun zuen kontatzeko eman zidan azalpenak erabateko zirrara eragin zidanetik: «Banekien arrazoia nuela, eta nire borroka bidezkoa zela». Bada, joan den astean, euskal preso ohi batek –honek ere 20 urte baino gehiago eman ditu Espainiako presondegietan– berriro hunkitu ninduen, arrazoi bera eman zidanean.

Ez dugu denbora galdu behar, kaleak aldarri ozena izan behar du, erakundeei galdegin behar diegu aplika dezaten, behintzat, beren legea. Ezin dugu geldirik geratu, eta ez gara patxadatsu geratu behar, dena eginda dagoelakoan. Gaur, are gehiago, euskal presoak etxera, orain!