GARA
PALA

Profesional eta afizionatu onenak, nahasita

Firpo, Etxabarren eta Baeza dira berrikuntza nagusiak Bizkaia Irekian.

Binakako Munduko Txapelketa amaitu ostean, Bizkaia Nazioarteko Irekiaren txanda iritsiko da ostiraletik aurrera. Aurtengo ekitaldia atzo aurkeztu zuten Bilboko pilotalekuan eta sei bikotek hartuko dute parte, lehen mailako bederatzi palista eta afizionatu mailako beste hiru nahasiz: Fusto-Firpo, Gaubeka-Etxabarren, Necol-Urrutia, Landeta-Gordon, Zubiri-Ibai Perez eta Baeza-Brefel.

Lehiaketa sistema sinplea izango da. Ligaxka fasea itzuli bakarrera, eta lau onenek finalerdiak jokatuko dituzte: lehen sailkatuak laugarrenaren kontra eta bigarrenak hirugarrenaren aurka. Bikote bakoitzak irabazitako joko adina puntu jasoko ditu sailkapenean, eta finalaurrekoak eta finala bost jokora erabakiko dira

Lehiaketa ostiral honetan hasiko da Bilbon aurreneko bi neurketekin: Gaubeka-Etxabarren / Landeta-Gordon eta Necol-Urrutia / Baeza-Brefel. Eta ligaxkako partidak Zallan, Zierbenan, Armintzan, Sopelan, Plentzian eta Gallartan ere jokatuko dira. Finalerdiak, ekainaren 16an, eta finala, 23an, Bilboko Bizkaian izango dira.

Esan bezala, lehiaketaren erakargarritasunetako bat afizionatu mailako palistak profesionalekin nahasita jokatzen ikustea izango da. Juan Firpo argentinarrak, adibidez, Pablo Fusto herrikidearekin jokatuko du; Alfonso Etxabarren nafarra Gaubekarekin ariko da; eta Carlos Baeza segoviarra Brefel frantsesarekin.

Aukeraketa Labriten

Eskuari dagokionez, Olaizola II.a eta Elezkano II.a gaur 11.00etan Labriten izango dira larunbaterako pilotak hautatzen.

Honi buruzko guztia: PALA