Andoni ARABAOLAZA
MENDI LASTERKETAK

Euskal korrikalarien emaitza bikainak banakakoan zeinbertikaletan

Hilaren 5 eta 6an, Tarragonako Paxamplan lasterketaren bi lehietan euskal lasterkariek, maila ezberdinetan, makina bat podium erdietsi zituzten.

Fedme-ren hitzordu nagusietan lehiatzen diren euskal korrikalariak argi uzten ari dira sasoiko daudela. Bederen, hilaren 5 eta 6an jokatutako hitzorduetan hori erakutsi zuten. Asteburu horretan Espainiako Kopako bi lehia izan zituzten. Bat, bertikaletan; bestea, berriz, banakakoan. Eta bietan ala bietan emaitza bikainak erdietsi zituzten. Bi lasterketa hauek bere baitan jaso zituena Tarragonako Paxampla izan zen.

Lehen lehia eguna, 5ean jokatu zena, kilometro bertikala izan zen. Lasterkariek eguraldia lagun izan zuten: zeru urdinak eta haize gutxi. Irteera puntuan 100 korrikalari zeuden, eta 5 kilometro eta 920 metroko desnibela zituen ibilbideari egin behar izan zioten aurre. La Espina izeneko gailur mitikoan zuten amaiera.

Euskal korrikalariei dagokienez, azpimarratzeko moduko lehen berria Irati Zubizarretak eman zuen; izan ere, aise irabazi zuen. 52:13 denbora egin zuen, eta bigarren sailkatuari minutu bat eta hamar segundo atera zizkion.

Emaitza bera baina promesak mailan lortu zuena Lucia Oscoz izan zen. Lasterkari honek ere ez zuen arazorik izan garaipena erdiesteko; izan ere, bigarren sailkatuari ia 6 minutuko aldea atera zion. Maila horretan irabazteaz gain, seniorretan, seigarren postua sinatu zuen.

Podium gehiago

Biharamunean, berriz, banakako proba jokatu zen. Lasterkariek aurretik ibilbide gogorra zuten. Batetik, 36 kilometro eta 3.000 metroko desnibela zuen ibilbidean lehiatu behar zutelako. Eta bestetik, bero egin zuelako.

Gizonezko seniorretan, Julen Martinez de Estibariz primeran lehiatu zen. Hasiera-hasieratik lehen postuetan izan zen, eta helmugan, irabazlearengandik sei minutura, hirugarren postuan bukatu zuen.

Nesken lasterketan, bi euskal ordezkari tropel buruan izan ziren. Lehia guztian, Bel Calerok erakutsi zuen indartsuena zela, eta, jakina, irabazi egin zuen. Atzetik Sandra Sevillano zuen, eta lasterketa bikaina egin eta gero bigarren postuan bukatu zuen; hain zuzen ere, 5:29:38 denborarekin, irabazlearengandik bederatzi minutura. Mayi Mujika, berriz, Beatriz Realekin nor baino nor aritu zen. Bi korrikalari hauen artean hirugarren postua jokoan zegoen, eta, azkenean, urretxuarra podiumaren hirugarren kutxara igo zen. Haren denbora honako izan zen: 5:32:50.

Fedme-ren erregulartasunaren zirkuituak hiru hitzordu izan ditu dagoeneko, eta, puntu guztiak batu ondoren, behin-behineko sailkapenean Martinez de Estibariz, mutiletan, bigarrena da, eta Mujika, nesketan, hirugarrena.

Aipatu dugun ibilbide horretan baina promesak mailan Xabier Macias lehiatu zen. Aurretik, Jerten jokatutako lasterketan irabazi zuen, eta Tarragonako Paxamplan ondo aritu zen. Eta hori diogu bigarren postua lortu zuelako. Beraz, irakurtzen den bezala, oso erregularra izaten ari da. Aipatzeko modukoa da halaber seniorren sailkapenean hamabigarrena izan zela.

Kadeteak, bestalde, 10,5 kilometro eta 750 metroko desnibela zuen ibilbidean lehiatu ziren. Ane Iturriak goi mailako lasterketa egin zuen. Eta hari esker, lehen postua sinatu zuen. Tolosarraren denbora 1:31:55 izan zen; bigarren sailkatuari hiru minutuko aldea atera zion.

Eta amaitzeko, beteranoen A mailan, Aitziber Ibarbia bigarren postuan sailkatu zen. Sailkapen nagusian, berriz, zazpigarrena izan zen. Beteranoen B mailan, Jose Antonio Salgado lehena izan zen.