Haritz LARRAÑAGA
HERRI URRATS

HEZKUNTZA MINISTERIOAREN ETA SEASKAREN ARTEKO ERLAZIO HOTZAK GIROA BEROTU ZUEN

EGURALDIAK ASKO LAGUNDU EZ ARREN, GIRO BEROA IZAN ZEN NAGUSI ATZO SENPEREKO LAKUAN. HEZKUNTZA MINISTERIOKO ORDEZKARIAK PARTE HARTU ZUEN HARRERA EKITALDIAN HASI ZEN GIROA BEROTZEN ETA IPAR EUSKAL HERRIKO IKASTOLEI SOSTENGUA EMATEKO BILDU ZIREN MILAKA LAGUNEI ESKER, BEROTASUN HORREK EZ ZUEN ETENIK IZAN EGUN OSOAN.

Ekitaldi instituzionalek arrakasta handirik izaten ez badute ere, Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskaria Herri Urratseko harrera ekitaldira agertuko zela jakin zen unetik ikusmina handituz joan zen. Paxkal Indo Seaskako lehendakariak kontatu zuenez, Barrierek bezperan hots egin zion, «bere segurtasuna bermatua ote zen galdetzeko», eta Indok baietz erantzun zion, «baldin eta igeri egiten badakizu».

Harrera ekitaldi beroa

Larzabaleko ikastolako haurrak goiztiar zebiltzan iristen ziren bisitariei pegatinak eskaintzen; izan ere, aurtengo edizioan bildutako dirua bertako Manex Erdozaintzi Etxart kolegioarentzat izango da. Ekitaldi ofiziala egin zen eraikineko atarian, Barriere jaunarengana ere gerturatu ziren borondate eske, eta honek ezin izan zien ezetzik esan.

Leporaino beteta zegoen aretoan, Bordeletik etorritako ordezkariak ahoskatu zituen lehen hitzak esanguratsuak izan ziren: «Zuetako askok pentsatuko du ez nukeela etorri behar». Edonola ere, Barrierek bereari eutsi zion, Seaskari dagozkion 25 postuak emateko asmorik ez zuen agertu eta gehienez lau irakasle eskain ditzakeela jakinarazi zuen. GARAri egindako adierazpenetan, «irtenbide bakarra eskola txikiak elkartzea» dela adierazi zuen.

Asko izan ziren hitz egin zuten politikari eta ordezkariak. Guztiek azpimarratu zuten arazoari irtenbide bat bilatzeko beharra, baina esaten zutenagatik edo bakoitzak duen erantzukizunagatik, ez zuten guztiek txaloaldi bera jaso.

Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria izan zen txalo zaparrada handiena jaso zuena. Lehen aldiz, diskurtso osoa euskaraz irakurri zuen eta jarraian, beste ordezkariengana zuzendu zen frantsesez, zera esateko: «Espero dut gaizki ulertze bat izan dela, zeren ez dugu onartuko hezkuntza garapenean oztoporik jartzea. Afera politikoa da. Euskara ez bada errespetatzen, esan nahi du herrialde hau ez dela errespetatzen».

Azkenik, Paxkal Indok hartu zuen hitza. Azken hamarkadetan erdietsitako lorpenak oroitarazi zituen, pasa den astean Baionako karrikak bibrarazi zituzten haur eta gurasoak zoriondu, etorkizunera begira dituzten erronka eta helburu estrategikoak marraztu, eta «borroka egiteko prest» daudela ohartarazi zuen. Datozen egunetan ahalik eta ordezkari gehienengana helaraziko duten mozio bat ere aurkeztu zuen.

Besta giroa nagusi

Harrera ekitaldia hasi aitzin zerua estaltzen zuten hodei beltzak desagertu eta besta betiko kolorea hartzen hasi zen. Txarangak, dantzariak, joaldunak, bertsolariak, jana eta edana nonahi, eta batez ere hainbeste urteren ostean besta hau bizirik mantentzen duen oinarrizko osagaia: giro alaia.

Ohiko moduan, jende gehiena kontzertu handiak egiten diren Nafarroa eremuan bildu zen, baina gainerako eremuetan ere besta giroa zen nagusi. Eremutik kanpo dauden tabernak ere beren gurasoak gurutzatu nahi ez zituzten nerabeez lepo zeuden, haietako asko, lakura bidean boliviar baten postuan erositako «gora Euskadi» txapel mitikoarekin.

Beste batzuk gurasoengandik gertuago zeuden. Arnes batekin lotuta erori arren arriskurik ez zuten haurrei so zeuden senide arduratsuek, seme-alabek jokoren batean parte hartzeko ilara egiten zuten aita-ama sufrituek, eta etxetik ekarritako ogitarteko goxoak prestatzen zituzten aitona-amonek osatzen zuten puzgailuak, olgetarako jolasak eta denetariko animazioak eskaintzen zituen haurren txokoa.

Artean, zaparraden azpian aterpe hartzen ez zuen sorosleen txalupa pneumatikoa atzera eta aurrera zebilen, bainua hartzea galarazita dagoen aintziran, eta ito beharrean abesten zuten festazaleak ere ugaritzen hasi ziren. Horrela, beste behin ere agerian geratu zen, urteak pasa arren, Herri Urratsen ez dela giroa baretzen.