Maider IANTZI
LASARTE-ORIA

Euskaraldiari bultzada, 10. Udaltop berezian

Orain arteko markak puskatuz, 270 lagun bildu dira bi egunez Lasarte-Orian, Euskal Herriko hainbat txokotako euskara teknikari, arduradun politiko, irakasle, hizlari eta bertze esparruetako langileen artean. Irekieran adierazi zuten bezala, ideia xume batetik hasi zena proiektu bilakatu zen eta 10 urte bete ditu jada. Euskaraldia da aurtengo ardatza.

«Pozik eta harro» eman zieten hasiera Udaltop udaletako euskara zerbitzuen topaketei Lakuako, Euskaltzaleen Topaguneko eta jardunaldion etxea den Lasarte-Oriako Udaleko kideek. Manuel Lekuona kultur etxea Euskal Herriko hainbat aldetatik etorritako jendez bete zen, euskara teknikari eta bertzelako eragilez. 10 urteko bidea egin du ekitaldiak, eta edizio borobila berezia izaten ari da, Euskaraldian oinarritua. Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak nabarmendu zuenez, proiektu honek ilusioa eta gogoa sortu du euskaltzaleen artean eta orain jendarte osora zabaltzea da erronka. Horren isla eta bultzada izaten ari da atzo hasi eta gaur bukatuko den Udaltop.

Mahai-inguru interesgarriak egin zituzten atzo. Adibidez, Baiona, Angelu eta Biarritzen (BAM), Baztanen eta Zarautzen Euskaraldia nola antolatzen ari diren kontatu zuten talde motorretako hiru kidek. Rita Aldabaldetreku zarauztarrak taldeak bi hanka dituela erran zuen, instituzionala eta soziala, eta horrek, adin eta ezaugarri ezberdinetako pertsonak bildu izanak bezala, balioa ematen diola. Jenofa Berhokoirigoin gamartearrak, berriz, prestakuntza saioak zein garrantzitsuak diren azpimarratu zuen. Iaz BAMen 300 lagun formatu zituzten eta tailer horiek hobetu eta zabaltzen ari dira orain.

Herri ttikien ekarpen handia

Eneritz Rekarte Baztango Udaleko euskara teknikariak herri ttiki euskaldunek egiten ahal duten ekarpenaren balioa nabarmendu zuen. Baztan arnasgunea da, euskara gaitasuna %80koa da eta erabilera, %60koa. 15 herri ditu, bakoitza bere egoerarekin. Ttikietan %85ekoa da erabilera eta Elizondon, %50ekoa. «Herri ttikietakoek ohitura dute Elizondora joateko eta euren presentziak eragina du bertako euskararen erabileran. Iruñera joatean ere beren rolarekin segitzen ahal dute». Uda dator eta 15 herri dituenez, 15 besta ere baditu bailarak. “Ahobizi” eta “belarriprest”-ek osatutako proiektua ezagutarazteko aprobetxatuko dituzte.

Berhokoirigoinek argitu zuen helburua ez dela Belarriprest edo Ahobizi txapa jartzea bakarrik. «Ariketa kolektibo bat da: euskaraz egitera engaiatzen naiz, edo zu niri euskaraz egitera gonbidatzera». Ipar Euskal Herrian aniztasun zabala dagoela ere nabarmendu zuen: Baionan %8ko ezagutza eta %2ko erabilera dago; Gamarten, aldiz, %95etik gorakoa da ezagutza. «Beraz, ezin da diskurtso bera errealitate guztietara egokitu. Tokian tokiko errealitatetik abiatu behar dugu».

Kontatu duenez, barnealdean bada profil bat etxean euskaraz egiten duena eta kanpora atera orduko erdarara lotzen dena. «Horiek ‘belarriprest’ izateko erronka dugu. Beharbada, ez dugu lortuko lehen urtean, baina egiten ari garen gogoetari esker baliteke hizkuntza ohiturez kontzientzia hartzea behintzat».

Bi gehi bi lau ez direnean...

... Herrigintzaren magia gertatzen da. Emuneko Amaia Baldak adierazi zuenez, gakoak ongi landuta herritarren aktibaziorako aukerak handitu daitezke. Hamaika gako identifikatu dituzte; behar soziala da horietako bat. «Zer behar sumatzen du jendeak euskarari dagokionez? Behar horiek ikusarazi eta estimulatzea dagokigu guri». Ekintza eta marko teorikoa ongi elikatzea eta uztartzea inportantea da, eta zer baliorekin lan egin nahi den argi izatea: irribarrea, parte-hartzea, sormena, aniztasuna... Talde motor kohesionatu bat egotea gakoen erdigunean jarri du Baldak. Trakzio lana egin behar du, proposatu, harremanak eta sareak sortu...

Hurrengo hitzaldia Josune Zabalak eman zuen, Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ordezkari gisa. Iparraldeko eta Nafarroako erakundeekin batera, Soziolinguistika Klusterra buru, Euskaraldiaren neurketa egin behar dutela iragarri zuen, «makroikerketa» bat, ilusioz eta zuhurtziaz, datu kuantitatibo eta kualitatiboekin. Horretarako, muga administratiboak gainditu, eta gune soziolinguistikoak kontuan hartuta neurtuko dute 11 egunez euskaraz egiteko proiektua, “ahobizi”, “belarriprest” eta antolatzaileei galdetegiak pasatuz.