Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Miribilla: jaso eta berritu

Aro berria ezker abertzalearentzat ez da hasi 2018ko maiatzaren 4an. 2010ean “Zutik Euskal Herria” adierazpenarekin estrategia aldatzea erabaki genuenetik, aro berriak eskatzen zuenaren logikan aritu gara lanean. Bakearen, demokraziaren eta askatasunaren aldeko jarrera eraikitzailez, indar metaketa estrategiaren erdigunean jarrita eta erantzukizunen kargu eginda, aldebakartasunez urratsak eginez. Une historikoak eskatzen duen mailari behar bezalako ekarpena egiteko ahaleginean beti.

Ez da halakoa izan beste eragile politiko batzuen jarrera. Iraganeko eskemak erreproduzitzen tematuta dabiltza, Euskal Herriarentzat agendarik ez dutenez. Batzuek dioskute ETA amaituta ezker abertzaleari egoera berrira egokitzea dagokiola. Baina izatekotan, eurak dira oraindik egoera berrirako euren estrategiak berrikusi ez dituztenak. Eta zer esango dizuet bada: zaila da norbere estrategia agortuta dagoela onartzea, baina arduragabekeria galanta ere bai. Eragile horiek dioskute ezker abertzaleak bere iraganari uko egin behar diola. Amortizatutzat eman.

Aldiz, ezker abertzaleak zerbait aberatsa badu, hori bere kapital historikoa da. Bere jakintza metatua. Bere kultura eta sinbologia. Horrek egiten du komunitatea itsasteko kola lana. Baina aldi berean, ezker abertzaleak jakin izan du guzti hori berritzen. Konstante bat izan da. V. Asanbladan hasi eta Martxa eta Borroka, intsumisio, feminismo zein estrategia aldaketaraino. Jakin izan du subjektu zabalak artikulatzeko bere ikuskerak berritzen.

Miribillan kapital guzti hori jaso eta etorkizunera begira proiektatu nahi dugu. Ekitaldia pentsatzeko garaian zailtasun handi bat izan dugu; etorkizuna, berria, irudikatzea, ez baita existitzen. Laboa, Artze, Oteiza eta belaunaldi hark tradizioa berreskuratuta euskal kultura eta sinboloak modernizatzen jakin izan zuten. Proiektu independentista ezkerrekoak gazte belaunaldiekin bat egin, modernizatu eta aurrera egingo badu, antzeko bultzada berritzaile bat beharko du. Iraganekoa jaso, eta berritu.