Nerea GOTI
Kazetaria
IKUSMIRA

Pentsio duinak eskatu dituzte hasieratik

Astebete barru daukate pentsiodunek beste mobilizazio jendetsu bat, eta sektore batzuk borroka hori itzali nahian dabiltza, EAJren eta PPren arteko akordioaren ostean manifestazioek zentzu handirik ez dutela konbentzitu nahian. Hurrengo larunbatean ikusi beharko da, baina aldarrikapenei eta mugimendua bultzatzen duten plataformei orain jartzen zaizkien eragozpenak ikusita, gogoraraztekoa da martxoaren 17ko haiek itzelak izan zirela, bai tamainan bai aniztasunean, eta alderdi guztien babesa izan zutela, alderdi hegemonikoarena barne.

Martxoaren 8ko mobilizazio historikoaren aldarrikapenak bezala, pentsioen etorkizuna herritar orori axola zaio, inor ez da hortik kanpo geratzen, ez bada pentsio pribatu potolo baten jabe. Horiei gogorarazi beharko litzaieke, egoera aldatuko balitzaie ere, ez dagoela soberan eskubidea bermatuta izatea, guztion eskura dagoen aukera baita.

Pentsiodunek onarpena izan dute, baita kaleak manifestariz beteta ikustea gustuko ez dutenen aldetik ere; zer aldatu da orain? KPIren igoerarekin konponduta al dago dena? Pentsio publiko eta duinak eskatu dituzte hasieratik, eta akordioak ez du hori bermatzen, ezta konpontzeko bidean jartzen ere. Hori baino ez dute esaten, eta hori da protestaldiak mantentzeko arrazoia. Kolektiboaren buruan daudenak zein aldarrikapenak kuestionatu barik, ondo legoke protagonismorik gabeko debate publiko batean alderdi bakoitzak argitzea pentsioak bermatzeko zein proposamen duen; argigarriagoa litzateke, ezer ezkutatu nahi ez bada.