Elikagaiak, landatik baino, laborategitik mahaira
Berrikuntza izan da hitz gakoa Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Industriaren Biltzarrean zein Euskadiko Elikaduraren Klusterraren Egunean. Azken honetan gune berezi bat eskaini diote. 120 produktu eta zerbitzu berri aurkeztu dituzte, Aztiren arabera etorkizuneko elikadura definituko duten joeren arabera banatuta: Iragankorra, Kontzientzia, Osasun Pertsonalizatua, Nire Neurrira, Erraza eta Adimenduna, Jatorriak Axola Du, Esperientzia eta Partaidetza.
Iruñean Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Industriaren 2. Biltzarra egin zen ostegunean; Getarian, aldiz, Euskadiko Elikadura Klusterraren Eguna. Eta bietan nabarmendu zuten ideia bera, berrikuntza gakoa dela sektorea hazteko.
Lehenbiziko ekitaldian, Nafarroako klusterrak antolatutakoan, 200 bat lagun elkartu ziren; enpresetako ordezkari, zuzendari eta teknikariak. Fernando Burgaz Nekazaritza eta Arrantza Saileko Elikadura Industria espainiarreko zuzendariak halaxe azaldu zuen inaugurazioaren aurretik: «Hornidura katea landatik mahaira doala pentsatzeari utzi, eta dena laborategi eta ikerketa zentroetan hasten dela konturatu behar dugu, bertan baitago berrikuntza eta etorkizunaren sorrera».
Nafarroako Nekazaritza Garapeneko sailburua, Isabel Elizalde, bere aldetik, elikadura katearen garrantziaz mintzatu zen: «Balio hori handiagoa da tokiko eta nekazaritzako garapenerako gako bezala hartzen bada, lurraldea kohesionatzeko».
Getariako Kluster Egunari dagokionez, 500 profesional inguru bildu ziren Balenciaga museoan urteroko hitzordu honetan. Bazkideen batzar orokorra egin zen, eta elkartearekin lotutako enpresa eta erakundeen produktuak dastatu ahal izan ziren. Hitzaldiak ere izan ziren, berrikuntza ardatz, hazteko eta bereizteko palanka gisa.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elikadura eta edarien industriaren datuak emateko ere aprobetxatu zuten: edarien azpisektorea (1.589 milioi euro) eta elikadurako beste batzuk –fruta eta barazkien prozesamendua eta kontserbazioa tartean– (1.079 milioi) izan ziren berriz ere salmenten rankingaren buru 2016an, zenbatutako azken urtean. Ondotik datoz ogia eta errotaritza, arrain kontserbak, esnekiak eta haragia. 2016an 14.599 lanpostu ematen zituen elikadura industriak, horietako gehienak ogiaren eta errotagintzaren azpisektorean. Inbertsioak 146 milioikoak izan ziren, aurreko urtean baino %8,8 txikiagoak. Datu hau hobeki ulertzeko kontuan hartu behar da 2015ean %47,4ko igoera ikusgarria gertatu zela.
2017an elikadura industriak 831 milioi euroko esportazioak egin zituen, aurreko urtean baino %3 handiagoak. Ardogintzak segitzen du esportazioen buru, 209 milioi eurorekin, eta Estatu frantsesak jarraitzen du helmuga nagusi izaten (186 milioi euro eta erosketa guztien %22). Gaur egun, Euskadiko Elikadura Klusterrak 92 enpresa ditu; berri dezente sartu dira, joan den urtean 75 baitzituen.