Andoni ARABAOLAZA
TRAIL

Proba bertikaletan ere emaitzabikainak lortu dituzte euskaldunek

Iragan hilak 20an jokatutako Espainiako Txapelketan, euskal korrikalariek lau garaipen eta hainbat podium sinatu zituzten.

Trail edo mendiko lasterketen denboraldiak aurrera jarraitzen du. Gure mugetatik kanpo izaten diren hitzordu nagusiei dagokienez, aipatu beharra dugu joan den hilak 20an FEDMEk antolatutako Proba Bertikalen Espainiako Txapelketa jokatu zela. Eta, jakina, han izan ziren Hego Euskal Herriko bi mendi federazioen izenean lehiatzen diren euskal lasterkariak. Bada, lineako edo banakako aurreko lasterketetan gertatu bezala, makina bat euskal korrikalarik argi eta garbi utzi zuten proba bertikaletan ere ondo baino hobeto moldatzen direla.

Espainiako Txapelketa etxetik oso gertu izan zuten euskal ordezkariek: Kantabrian. Eta ziur aski horregatik irteera puntuan euskal lasterkari asko izan ziren. Hitzordu nagusi hori jaso zuen proba Arredondoko Kilometro Bertikala izan zen.

Denera, 300 korrikalarik hartu zuten parte. Eguraldia lagun izan zuten, eta 2,7 kilometroko eta 1.000 metroko goranzko desnibela zuen ibilbideari aurre egin behar izan zioten. Puntu garaiena, berriz, Mosquiteru mendia zuten. Eta arestian aipatu dugun bezala, euskal korrikalariek emaitza bikainak erdietsi zituzten; besteak beste, lau urre eta hainbat podium.

Nagusitasuna

Kadeteetan, adibidez, Ane Iturria bigarrena izan zen, Irene Iturria bosgarrena eta Rita Jimenez zazpigarrena. Juniorretan lehen euskal garaipena iritsi zen, eta hori lortu zuena Irati Zubizarreta izan zen. Mutiletan, Aitor Ajuria hirugarren postuan sailkatu zen, eta Anartz Artola laugarrenean.

Promesas mailan, berriz, Xabier Maciasek brontzea sinatu zuen; Lucia Oscoz laugarrena izan zen, eta Imanol Kañameras hamargarrena. Seniorretan, Oihana Azkorbebeitiak aise irabazi zuen. Maria Zorroza hirugarrena izan zen, Virginia Perez laugarrena eta Ainhoa Lendinez seigarrena. Imanol Goñik zilarra eskuratu zuen. Mikel Beunza hirugarren sailkatu zen, eta Asier Larruzea bederatzigarren.

Beteranoen A mailan: Aitziber Ibarbia hirugarren izan zen eta Montserratt Vazquez seigarren. Beunzak, berriz, maila horretan irabazi zuen. Eta Tedy Garzon zortzigarren izan zen.

Azkenik, Euskal Mendizale Federazioko nesken selekzioak garaipen handia erdietsi zuen.

Honi buruzko guztia: TRAIL