Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Urkullukeriak

Maiatzaren 4an Arnagako Adierazpenarekin ETAren 60 urteko ziklo armatuari amaiera eman zitzaion, baina Bidasoaz honaindi eta haraindi izan diren erreakzioak oso ezberdinak izan dira. Politika egiteko eta politika ulertzeko manerak oso ezberdinak diren frogagarri. Taubira Justizia ministro ohia Henri Dunant zentroan egon zen eta iheslariena zein presoena baztertu ezin den gaia dela adierazi zuen. Espagnac senatari sozialistak esan zuen presoen eta berradiskidetzearen bidean jarraitu beharra dagoela. Brisson senatari kontserbadoreak abisu eman zuen esanez badirela aitzina egin nahi ez duten indarrak, hau da, erresistentziak badirela.

Bidasoaz haraindi, ordea, Urkullu lehendakariaren jarrera petrala izan dela ikusi dugu. Arnagako momentu historikoak eskatzen zuen lekuan egon ordez Bertizeko Jaurerrian babestu zen, Arnagako ikuspuntu politiko eta etikoarekin ez zegoelako ados. Gainera, “Sud Ouest”-en harroputz eta ozpinduta agertu zen hemen benetako lehendakaria zein den gogoratu nahirik.

Ulertzekoa da, halere; izan ere, Aieteko Konferentzian ez omen zen eroso sentitu eta Kanbo Euskaditik kanpo dago, han urrutian, Frantzia partean edo, eta gainera zaputzak jota ibili da hau ez delako «euskal gizarteak merezi zuen ETAren amaiera». Beste zerbait nahi zuen, bistan da, aitzakia guztiak amaitzera zihoazen honetan, hau bidegabea izan zela, injustua izan zela, ez zela inoiz gertatu behar eta biktima guztiak kontuan hartzeko eta kategorizaziorik ez egiteko eta abar izan behar zuen. Hau da, beraiek nahiko luketen gidoia nahi zuten; baina ez, nazioarteko beste gatazka guztietan betetzen diren estandar guztiak bete diren arren, Urkullu jauna ez da ados.

Baina historiak jartzen omen du bakoitza bere lekuan, aurreko lehendakari sozialista hura tren batean harrapatu zuen bezala, honakoa Arnagatik kanpo harrapatuko du.

Eta honetara ezkero, pentsatzen nabil Kanbo Euskaditik baino, Euskadi bera ez ote dagoen Kanbotik kanpo.