Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Aiguille Verte-ren lau aurpegiak egun bakarrean

Egilea Paul Bonhomme da, mendi gidaria eta muturreko eski jaitsieretan espezialista frantziarra. Jarduera joan den maiatzaren 18an bete zuen, eta honako bi korridore jaitsi zituen: Whymper eta Couturier.

Mendi gidaria izateaz gain, Paul Bonhomme muturreko eskian espezialista handia da. Horrekin esan nahi dugu aldats pikoak dituzten maldetan bikain moldatzen dela. Izaera horretako makina bat jarduera egin eta gero, duela gutxi frantziarrak iragarri zuen esku artean asmo handiko xede bat zuela: Aiguille Verteko (Mont Blanc mendilerroa) lau aurpegiak egun bakarrean egin ahal izatea.

Hala, joan den maiatzaren 18an helburu hori biribiltzea erdietsi zuen. Bi aurpegi eskalatu ondoren, beste bi eskiekin jaitsi zitue n. Eta, aipatu dugun bezala, egun bakarrean. 22.30ean irten zen Grand-Montets-eko aparkalekutik, eta, 5.000 metroko goranzko desnibel metatu a igo ondoren, biharamunean aparkaleku horretara 18.45ean heldu zen.

Hasteko eta behin, Couturier korridorea eskalatu zuen, eta Whymper korridoretik (elurra erabat izoztua zegoen) jaitsi zen. Ondoren, Vivian Bruchez kidearekin (hau ere muturreko eskian espezialista handia) Cardinal kanaletik Charpoua isurira heldu zen eta Y korridorea igo zuen. Biak ala biak Nant-Blanc izeneko jaitsiera mitikoan saiatu ziren, baina baldintza kaskarrak zirela medio, jarduera Couturier korridoretik amaitu zuten. Jaitsiera hori ikuspen murritzarekin egin zuten.

«Egundoko eguna»

Aiguille Verteko jarduera hau bukatu bezain laster, Bonhommek hau adierazi zuen: «Helburu handia izateaz gain, biribiltzeko zaila baino zailagoa da. Egundoko eguna igaro nuen. Besteak beste, alpinismoaren historian esploratu eta aldats tenteak eskiekin jaitsi ditudalako. Mummery, Whimper, Charlet, Saudan, Tardivel, Chauchefoin, Vallençant eta Bau. Izen horiek aipatu ostean, xede hau zergatik egin dudan ulertzea erraza da».

Lerrootako protagonistak onartu du helburu horrek asko eskatu diola: «7 ordu eta 1.200 metroko desnibela egin eta gero tontorrera iritsi nintzen. Hotz handia egiten zuen, eta oraindik gaua zen. Whymper korridorea itzaletan zegoen, eta jaitsieran gogor borrokatu behar izan nuen irrist ez egin eta eroriko bat saihesteko. Vivianen ‘berotasuna’ asko eskertu nuen. Nant Blanc jaitsi nahi genuen, baina ezinezkoa izan zen».

Jardueraren inguruan, berriz, honako hausnarketa egin du: «Egun handia izan da; inoiz ez bezala, mendian erabat murgilduta ibili naiz. Intentsitate handiko eskarmentua izan da; hori bilatzen nuen».