Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Pentsamendu bikoitzaren mundua

Hitza asmatu zuenetik gutxi gorabehera 70 urte betetzen arituko direnean, esan liteke Orwellen «doublethink» kontzeptua heldutasun osora iristen ari dela nazioarteko harremanetan. Aldi berean ideia bat eta kontra-kontrakoa ontzat eman daitezke... kontraesanaren nabarmentasuna aintzat hartu gabe, antza. Hots, maltzurkeria moralik gabe.

Ia une berean elkarrengandik milaka kilometro batzuetara gertatu diren bi gorabeherak erakusten dute hori nahiko argi. Kasualitatez edo, osagai material bertsuekin, gainera.

Alde batetik, Saudi Arabiak, itzulingururik gabe, Qatarren aurkako eraso militarra egiteko mehatxua egin du, Golkoko emirerri txiki baina dirutsuak Errusiari S-400 sistema antiaereoak erosteko asmoarekin jarraitzen badu. Errusiar aire-defentsako harribitxi horiek... mehatxua omen dira Saudi Arabiarentzat.

«Doublethink» pentsamendua ulertzea kostatzen bazaizu: Qatarrek S-400ak eskueran izango balitu, Saudi Arabiak ezingo liokeelako efektibitate minimoarekin eraso Qatarri. Ematen du Saudi Arabiak berak erosi nahi izan dizkiola Errusiari honek Qatarri salduko lizkiokeenak ere... Ikusiko dugu komeria nora heltzen den.

S-400 batzuk erosi (eta jaso) dituen bestea Txina da, iaztik. Lehenago, S-300 mordoa erosi zion Errusiari eta, ohikoa denez, «umeak» egin dituzte haiek Asiako erraldoiaren lantegietan: Hongqi-10, 15, 18... Antiaereo horietako batzuk, agidanez, Txina Hegoaldeko Itsasoan «eraikitako» irletan agertzen hasi dira, eta horrek biziki urduritu ditu Ameriketako Estatu Batuak. Inguruko herrialde guztientzako mehatxagarriak omen dira...

Ezjakin honi kosta egiten zaio ulertzea nolatan izan daitezkeen mehatxu sistema antiaereoak, baina baieztapena Pentagonoko nagusi Mattis jeneralaren ahotik etorri da, zeruan baino izar gehiago zituen entzuleria baten aurrean, Singapurreko Shangri-La topaketa txit ospetsuaren erdian.

Erasoa, edo haren mehatxua, «defentsa» denean, defentsak, jakina, beste izen bat beharko du.