Jon ORMAZABAL
PILOTA

Heldu da uda Axier Arteagarentzat

Lasartearrak bere ibilbideko lehen udako torneoa jokatuko du, Iruñekoa, Albisu lagun. Bengoetxearen eta Lasoren aurretik aukeratu du Asegarcek.

Iaz gozatzerik izan ez zuen uda heldu zaio Axier Arteagari eta azkenaldian emandako maila ona sarituko du Asegarcek, udako torneorik garrantzitsuenean jokatzeko aukera emanda. 2017an Promozio Mailako Binakakoa eta Buruz Burukoa irabazi ostean, duela urtebete estelarretan burua sartzeko borrokan behar zuen lasartearrak, baina lesioek ez zioten utzi eta aurtengoan iritsi zaio onenen parean lehiatzeko aukera.

Pilotaria bera ezustean harrapatu zuen Iruñean agertzeko Asegarceren deiak. «Etorri eta ikusi arte ez nuen sinistu ere egiten eta egia esan poz handiarekin etorri naiz, ea txapelketa polit bat egiten dugun», azaldu zuen aurrelariak atzoko aurkezpenean. Axier Arteaga bera eta Ander Imaz izango dira uztailaren 7an hasiko den Sanferminetako Torneoaren –udako lehena– berritasun nagusiak, eta txanponaren bestaldean Oinatz Bengoetxea legoke, enpresak lehiaketatik kanpo utzi duen aurrelaria. Aurreko denboraldian ia dena irabazi ostean, azken hilabeteak ez dira onegiak izan Leitzakoarentzat, oinetako arazo dezente ere izan ditu azkenaldian, eta enpresak «sasoirik onenean» diren pilotarien aldeko apustua egin omen du.

Horrexegatik, harritzekoa izan da, baita ere, larunbatean Beasainen Bengoetxea VI.aren aurkaria izango den Unai Laso kontuan hartu ez izana. Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak dirudi Asegarceren etorkizunerako apustu sendoenetako bat eta larunbatean bertan maila izugarria eman zuen Victorren aurka, baina nafarra izanagatik ere, enpresak nahiago izan du Arteagari tokia egitea.

Iazko txapeldunak, elkarrekin

Txapelketari dagokionez, azken urteetako lehiaketa sistemari eutsiko diote eta, ohikoa den bezala, enpresa bakoitzak hiruna bikote aurkeztuko ditu, bi multzotan banatuta eta, nabarmentzekoa da, iazko txapeldunek, Ezkurdiak eta Beñat Rezustak, elkarrekin jokatuko dutela, eta hortaz, iazko garaipena defendatzeko aukera izango dutela Labriten.

A multzoan Asegarceko bi bikote izango dira; Olaizola-Imaz eta Arteaga-Abisu eta Aspek oso bikote indartsua jarriko die parean, Irribarria-Zabaletak osatutakoa.

B multzoan, aldiz, Eibarko enpresak izango du zenbaki aldetik nagusitasuna eta iazko txapeldunez gain, Altuna III-Martija, Binakakoan elkarrekin aritu ziren bi gazteak, kantxaratuko ditu. Multzoa osatzeko, Asegarcek bikote bizkaitarra jarri du, Urrutikoetxearekin eta Larunberekin.

Berrikuntzen artean ere sartu behar da atzoko aurkezpenean Jokin Altuna gorriz jantzita ikusi izana. Buruz Buruko txapeldun bezala bere lehen partida ostiral honetan Urrestillan jokatuko badu ere, atzo izan zuen lehen ekitaldi ofiziala elastiko gorriarekin eta pozik agertu zen amezketarra. «Amak esaten dit gorria urdina baino hobeto geratzen zaidala eta gustatzen zait, oso berezia da beste guztiak urdinez eta zu gorriz agertzea, esan nahi du zerbait handia egin berri duzula eta oso pozik nago alde horretatik».

Torneoa San Fermin egunez hasiko da, bi jaialdi izango dira uztailaren 7an, Lau eta Erdiko finala eguerdiz eta Binakako partida arratsaldez eta finala “Gaixoa ni”-arekin batera jokatuko da uztailaren 14an. Ohiturari jarraituz, bezperan Ardoaren Desafioa jokatuko da.

Mariezkurrenaren debuta aurreratu da

Asteburuan, batez ere larunbatean Zubirin emandako itxura onak Asegarceko ordezkariak konbentzitu egin ditu eta, hasiera batean bere debutak beranduago behar bazuen ere, Jon Mariezkurrenak uztailaren 13an egingo du profesionaletako debuta, maila handiko partida batekin egin ere. Ardoaren Desafioko binakako partidan arituko da, Oinatz Bengoetxea lagun, Elezkano II-Merino II.aren aurka.

Atzoko aurkezpenean izan zen 19 urteko Berriozarreko atzelaria eta berak onartu zuenez, astelehen goizean deitu zioten arratsaldez geratzeko eta atzo bertan sinatu zuen kontratua eta, normala den bezala, emandako aukerarekin oso pozik agertu zen pilotari gaztea.

Hasiera batean Eskiroz eta Aranguren ziren uda honetan jauzia eman behar zuten Asegarceko atzelariak, baina Untoria min hartuta egoteak eta Mariezkurrenak erakutsitako sasoiak planak aldatzera eraman ditu. Eskuin besoarekin duen kolpea da bere dohain nagusia. J.O.