Amalur Artola
Kazetaria
IKUSMIRA

Utopiak

68ko Maiatzetik 50 urte bete diren honetan, “Utopia” lema hautatu du Jakin-ek uztailaren 12 eta 13an Usurbilen egingo dituen jardunaldietarako. Definizioz eskuraezina den errealitate idilikoa, iruditeria kolektiboan utopia terminoak «iritsezina den lekua» izateari utzi diola eta «posible denaren zentzua zabaltzeko eraldaketa-praktika bide bat» izatera iritsi dela argudiatzen dute Jakin-etik. Definizioak definizio, utopiara iristeko utopian bizi behar dela esango nuke: nahiko zenukeen munduaren aldeko edozein pauso txikik aldaketa eragin dezakeela sinetsi. Aldaketak, ñimiñoa izanda ere, ez baitio aldaketa izateari uzten eta, azken batean, utopiara hurbiltzerik badagoela sinesteak aktibatu egiten baikaitu. Silvia Federicik “Soldataren patriarkatua”-n (Katakrak, 2017) gogorarazten duen bezala, hala egin zuten emakume estatubatuar askok 70eko hamarkadan: etxe barruko iraultza “txikiak” eragitetik milaka emakume berdintasunaren alde mobilizatzera iritsi ziren.

Eskalak eskala, kontua sinestean dago. Egiten dugunak, egunero hartzen ditugun milaka erabaki txiki kontziente horiek, zerbaitetarako balio dutela sinestea, izan landa oiloen arrautzak erostean, lehen hitza euskarazkoa izatea hautatzean edo giza kate batean parte hartzean.

«Gaur irudikatzen duguna bihar errealitate bilaka daiteke», entzun nion astelehenean Anjel Oiarbideri. Aitortzen dut lehen kolpean utopikoegia geratu zitzaiola pentsatu nuela, baina ezin adosago egon. Azken batean, garbi dago inolako jainko ahalguztidunengan sinesten ez duenari bere kabuz mundua aldaraztea besterik ez zaiola geratzen. Pauso txikiz osatutako bidetik bada ere.