Beñat Zaldua
Kazetaria
IKUSMIRA

Grezia, hiru urte

Ez du inork omenduko urteurrena, baina datorren astean hiru urte beteko dira Grezian erreskatearen inguruko erreferenduma deitu zenetik. Troikak itota eta B planik gabe (eurotik ateratzeko bideorririk gabe), Syrizak ez zion heldu herriak Troikari emandako ezezko galantari. Ardura guztia Tsiprasengan jartzea ez da bidezkoa, ez baita ahaztu behar hemen zein den erasotzailea eta zein biktima. Erabat absolbitzeak, hala ere, ez du mesede handirik egiten.

Erruez harago, Europako ezkerrarentzat hondamendia izan zen. Baita Europar Batasuneko instituzioen zilegitasunari begira ere. Italian orain euroeszeptizismo eskuindarra indarrean ikustea ezin da saldu sorpresa gisa. Europa hegoaldea erabat baldintzatu duten Greziako ordu larri haiek azkarregi ahaztu ditugu. Are gehiago, Europa hegoalde horren parte garela ere ahazten dugula esanen nuke.

Portugal izan da, ziur asko, Greziakoaz hausnarketa sakonena egin duen herria. Ez da kasualitatea hilabete gutxi beranduago, 2015 bukaeran, Alderdi Sozialistak (Pasok gogoan), ezkerreko Blocoren eta PCPren babesarekin (B planik gabe hausturarik ez dagoela gogoan) Gobernua eskuineko indarrei kendu izana. Geringonça (gaizki funtzionatzen duen tramankulua) izeneko esperimentua ez da batere gaizki atera. Hauteskunde urtean egonda dena zailagoa bada ere, eta egiteko dauden gauzen karpetak beteta jarraitzen badu ere, arrakasta ugari lortu ditu. Nagusia: krisiari austeritaterik gabe hobe aurre egiten zaiola erakustea.

Agian, gutxiegi begiratzen diogu Gaztela frenatzea lortu zuen penintsulako herri bakarrari; diktadura iraultza batekin txikitu zuen berberari.