Nerea GOTI
BILBO

Ernairen eta Aitzinaren «bulkada berrien aroa»

Ernaik eta Aitzinak energiaz beteriko bultzada eman nahi diote gazte antolakuntzari, belaunaldi ezberdinen arteko zubiak eraikiz eta gazteei borrokarako espazio berriak irekiz. Dinamika herririk herri zabalduko da.

Azken lau hamarkadetan bata bestearen ostean joan dira une zehatzei erantzuteko gazte mugimenduaren bulkadak. Egun, «testuinguru berezitu baten aurrean», hamarkadetan pilatutako esperientziak eta euskal gazteriaren energiak bultzatuta “Bulkada Berrien garaia da!” dinamika jarri dute martxan Ernai eta Aitzina gazte erakundeek. Bilbon aurkeztu zuten atzo, Bidasoaren alde bietako gazte mugimenduetako militanteek hainbat belaunalditako kideekin batera egin zuten agerraldian.

Azaldu zutenez, «frankismoaren gau ilunenetan» gazte bulkada batek «iluntasuna esperantzaz argitu zuen», erreformaren iruzurrari borrokarekin erantzuteko hautuari jarraituz, garai hartako gazteek Jarrai erakundea sortu zuten eta, egun, «Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraikitzeko bidean» bulkada berriak gauzatzeko garaia da. Zehaztu zutenez, 40 urte bete dira Jarrai jaio zenetik, baina dinamika ez da soilik urteurrena ospatzeko. Harago joan nahi da gazte mugimenduaren borrokari «hauspo berritzailea» emanez.

Zubiak eta espazio berriak

“Bulkada berrien garaia da” dinamikarekin «belaunaldi desberdinen arteko zubiak eraiki eta indartu» nahi dituzte, eta gazte belaunaldi berriei «antolakuntza eta borrokarako espazio berriak» ireki.

Energiaz beteriko bultzada honetan, «40 urte hauetako borrokaren uzta ederra» jasotzea da beste helburu bat, eta horretarako, «belaunaldi desberdinetako kideekin batera gazte antolakuntzaren memoria kontatuko duen liburu ederra» osatzen ari direla esan zuten. «Barru-barrutik kontatutako istorioz betea» eta hausnarketa eta bizipenak jasoko dituena.

Apirilean izango du dinamikak hitzordu nagusi bat, «milaka gazte batuko dituen Gazte Topagune erraldoi bat antolatzeko» lanetan baitabiltza gazte erakundeok.