GARA
DONOSTIA

Ikastolek jauzi esanguratsua egin dute hezkuntza eraldaketan

2017-2018 ikasturtearen notak bi alde kontrajarri ditu, ikastolen arabera. Alde batetik, etorkizunari begira martxan jarri dituzten ekimenak daude, Hezkuntza Akordiorako proposamena eta Hik Hasirena kasu. Lehena azkartu egin behar dela deritzote eta bigarrena «oso ongi» baloratzen dute. Bertzetik, gaurko hezkuntza sistemak dituen gabeziak daude: ikasleen euskara maila jaitsi izana, atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzean dagoen «desoreka», frantses Gobernuaren «erasoak» eta Eskola Kontseiluaren Legean kidetzat onartu ez izana.

Aipatutako gai guztiak jorratu dituzte balantzean. Adibidez, frantses Gobernua «erasokor» sumatzen dute. Salatu dutenez, Seaskako ikastolek behar dituzten 25 irakasle berriak emateari uko egin dio, eta kolegioko amaierako proba, brebeta, euskaraz egiteko aukera kentzeaz gain, euskaraz egin dituzten zientzietako probak ez zuzentzeko erabakia hartu du. Gaur aurkeztuko dute honi aurre egiteko ekimena.

Aipatutako bertze puntu bat Nafarroako kasik ikastola guztiak lupapean eduki izana da. «Ez dugu ezer ezkutatzeko, eta Nafarroako Kontuen Ganberak halaxe egiaztatu du». Benetako murgiltze eredu bat behar dela ere berretsi dute balantzean. Eta, ikastolentzat garrantzitsuena dena, hezkuntza aldaketari eusten diotela frogatu dute, gizarte justu, parekide, euskaldun eta zoriontsuago bat eraikitzeko.