Paper aldaketa, sufrimendu bera, baina finalean
Irribarria, beste itxura bat emanez, eta Zabaleta, huts gehitxo pilatuz, larri gailendu ziren Labriten.
OLAIZOLA II.A-IMAZ 21
IRRIBAR.-ZABALETA 22
Paperak aldatuta, larunbateko irudi kezkagarria konponduta Irribarria izan zen partidako onena, Zabaletak huts gehitxo pilatu zituen bitartean eta sufrimendu berarekin, aukerarik gabe ziren arren Olaizola II.a eta Imaz euren kide Arteaga-Imaz sailkatzekotan izan ziren, 20-18koarekin. Aramakoa eta Etxarrengoa dira bihar jokatuko den San Fermin torneoko lehen finalistak.
Udako lehen feria honetan, Irribarria eta Zabaleta ez dira partida borobil bat jokatzera heldu, baina euren joa nahikoa izan zaie finalera heltzeko. Estreinakoan Zabaletaren sendotasunak puntua eman bazien, asteazkenean Etxarrengoak berriz ere ondo dominatu zuen beste atzelaria, baina gauza onerako behartu gabe kale askotxo batu zituen eta Irribarriak bota behar izan zuen bikotearen zama. Partidatik kanpo utzi nahi izan zuten Aimar Olaizola errematean finegi egon ez bazen ere, Aspekoek une larriak pasatu zituzten gorriak 7-3 aurreratu zirenean, baina hortxe agertu zen Irribarriarik onena; langile, indartsu eta errematean ederki asmatuz.
Partida erdiko (11-11) estatistikek ondo adierazten zuten lehiaren nondik norakoa; urdinen artean Irribarriak egindako 7 tanto eta huts bat batu zituen eta Zabaletak, aldiz, justu kontrakoa, egindako bat eta 7 kale.
Hortik aurrera lehia asko orekatu zen, urdinek 15. tantoa egin zutenean finalerako aukera guztiak galdu zituzten arren, Asegarcekoek ez zuten etsi, baina Imaz errebotetik oso gertu izanda jotzaileak gailendu ziren.