Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Albiste ona, albiste txarra

Albiste onak ez direla albiste dio aburu zaharrak. Ez da egia; badira albiste onak, bakanak bederen. Eta albiste onak albiste ez balira bezala baztertzea, albiste txarra dela esango nuke. Oraingoxe adibide batekin hobeto ulertuko da, beharbada.

Munduko eskualderik bihurrienetako batean, Afrika Ekialdean, aldaketa funtsezkoa gertatu da amen batean, egun, aste gutxiren buruan. Eskarmentuaren eskarmentuz, azkarregia izan dela esango luke batek. Baina onerako da, dudarik gabe. Batez ere, egonkortuko balitz. Ez da erraza, baina...

Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroa (duela hiru hilabetetik) eta Isaias Afwerki Eritreako presidentea (duela 25 urtetik) dira albistearen protagonistak. Hilabete eskasean, 1998-2000ko gerraz geroztik (70.000 hildako egotzi ohi zaizkio, oro har) bi herrialdeen artean bizi zen «tirorik gabeko gerra egoera» amaitu eta lankidetza ekonomiko sutsurako prestatu dira. Politegia dirudi...

Esan gabe doa alde bakoitzak arrazoi larriak zituela horrelako zerbait (edo kontra-kontrakoa) egiteko. Abiy, Etiopiako aginte gorenera iritsi den lehen oromoa, erdi kristau-erdi musulmana, krisi politiko-etniko latzean murgilduta dagoen Etiopiaren korapilo historikoak askatu eta egonkortasuna lortu nahian ari dela argi dago. Afwerkik, bestalde, husten ari zaion herrialdearen gainbehera ikusiko ahal du... eta agian bere betiko aliatu leial bakarrak, Txinak, Mugaberen bitartez, helarazi dion mezua jasoko zuen: arazoak konpondu egin behar dira, ez sakondu...

Baina, prosaikotasun guztien gainetik, albistea ona da. Oso ona, iraunkorra izango ez bada ere. Inguruko herrialde guztiek, Afrikar Batasunak, Nazio Batuen Erakundeak esku-zartaka txalotu egin dute. Ez da harritzekoa. Afrikako migrazioen sorburu nagusietako batean, bestelako bide bat lantzeko aukera irekitzen du, zekenak izanda.

Ez dirudi, hala ere, Europar Batasunari gustatu zaionik. Ia txintik ere ez hedabideetan. Eta are gutxiago erreakzio ofizialik. Esanguratsua benetan isiltasuna.