Ariane Kamio
(Euskal) Kazetaria
IKUSMIRA

Profetak

Profeta izan nahi genuen gure herrian. Aitzindari, ortzemuga berrien indikadore, sormen iturburu eta jainkoaren pare dagoen besaulkitik azpiak nori begira egon amesten aritu izan gara noiz edo noiz. Esan genion bizitzari egunak ez, orduak ere ez, minutuak are gutxiago, segundo bakoitza aprobetxatuko genuela gure azalean, bihotzean, sentimenean. Baina egoera muturreko batean garunak eman zuen agindua, eta zorrotz eta egoskor mintzatu zen. EZ! Sustoa nabaritu genuen gorputzean, bihotz taupadak azkartu zitzaizkigun eta izerdi hotza sumatu genuen kopetan behera erortzen, besazpietako ileak heze lagatzen eta hankartea izozten. Jakin genuen sentituko ez genuen gizabanako bihurtuko ginela, debekuak gain hartu zigula eta murrua ebatsi, haustea ezinezkoa zela gure muturren aurrean bageneukan ere.

Askastasunaz hitz egitea adostu genuen geroztik. Esan genion, aitortu genion, zin egin genion geure buruari ahalik eta gutxien sufriaraziko geniola norberari eta nola edo hala bilatuko genuela salbu sentitzeko biderik. Konfort gunerik. Hasperen artifizialik. Eta hasi ginen etxeak erosten, bikotekidea bilatzen –eta aurkitzen–, harekin ezkontzen, haurrak izaten, gurasoak haien azken urteetan zaintzen –haientzat konfort gune artifizialak bilatzen ere bai–, kuadrilla espezializatuak bilatzen, egun zehatzetan soilik zuritoak hartzen, Norvegiara bidaiak egiten, Inditexen erositako arropa uxaz begiratzen, balio zehatzik gabeko gauzei gorazarre egiten. Hasi ginen ahazten inoiz askatasunez bizitzeko grina izan genuela, inoiz profeta izan nahi izan genuela gure herrian. Inoiz...