Beñat ZALDUA
Kazetaria
JO PUNTUA

Salvinirik ez Espainian?

Bai, arrazakeria eta xenofobia existitzen dira Espainian. Euskal Herrian ere bai, jakina. Hala ere, begirada zintzo bat emanez gero, onartu beharko dugu Estatu espainiarreko politikan ez dela agertu oraindik ez Matteo Salvinirik, ez Victor Orbanik, ezta Horst Seehoferrik ere, azken asteetan migratzaileen kontrako diskurtsoetan izen azpimarragarrienak aipatzearren. Ez da Espainiak migratzaile gutxiago hartu dituelako azken urteetan –alderantziz–. Ez da hegemonia ezkertiar edo aurrerakoiagoa duelako ere, Francoren momiak egunotan berrazaleratu duenez.

Zein da orduan arrazoia? Ignacio Sanchez-Cuenca irakasleak hipotesi bat dauka, oraingoz ahapeka baino azaltzen ez duena, besteak beste hurrengo egunetan orriotan argitaratuko den elkarrizketa batean. Bere intuizioaren arabera, Katalunia eta Euskal Herria izan daitezke Espainian migrazioaren kontrako diskurtsoak orokortu ez izanaren arduradunak. Dirudiena baino errazagoa da azalpena: Italiak, Austriak eta beste hainbatek ez bezala, nazionalismo espainiarrak ez du migrazioa behar bere izanaren kontrako mehatxua eraikitzeko, gaur egun katalanekin –eta euskaldunekin lehenago– aski baitu beldur hori sustatu eta kohesioa bermatzeko. Espainiako eskuinak ez du, orain arte, migrante «uholdea» irudikatu behar izan makineria martxan jartzeko.

Hipotesiak badauka heldulekua. Adi, halere, honek ez baitu blindatzen Estatuko politika migrazioa modu oportunistan erabiltzeko tentazioaren kontra. Koraza hori ez da existitzen, Euskal Herrian DSBEaren (gaztelerazko RGI) murrizketekin ikusi den bezala. Komunikabide ugariren alarmismoaz gain, elementu ugari pilatzen ari dira halako zerbait ahalbidetzeko Estatu espainiarrean. Besteak beste, migrante gehiago iristea –Italia eta Maltako portuak itxita, errealitate ukaezina da hau–, eskuina gobernutik kanpo geratu izana, PP eta Ciudadanosen arteko lehia bizia, PPren barruko barne liskarrak eta, azkenik, inoiz ikusi ez den euroeszeptizismo baten lehenengo zantzuak, erbesteratutako katalanen kontrako euroaginduen porrotak bultzatuta. Uda luzea izan daiteke oraindik.