NEKAZARI GISA EKITEKO LURSAILAK ALOKAIRUAN JARRIKO DITUZTE LEZON
Nekazaritza ogibide aukera izatea errazteko, Behemendi elkarteak lehiaketa publikora aterako du irailean Lezoko zenbait lursailen hamar urterako lagapena. «Errenta sinboliko» baten truke, jarduera profesionala gauzatu nahi duen edonork parte har dezake.
Lezoko Urrullo baserritik irteten omen zen Pasaiako portutik Ameriketara zihoan urrea eta dirua. Garai horiek aspaldi joan ziren, eta, egun, nekazaritza da etxaldearen inguruko jarduera ekonomiko nagusia. Bereziki, 2013tik bertan eraiki zuten agroalde ekologikoari esker. Agroalde bat hainbat lur zatiz osatutako eremua da, nekazaritza jardueretarako baliatzen dena. Haren sustatzailea Behemendi landa garapenerako elkartea izan zen, lurren jabe den Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Prestatu zituzten zazpi sailetako batzuk libre geratu dira eta beste berri batzuk sortu dituzte. Horregatik, lehiaketa publikoa egingo dute lurra landuz bizimodua aurrera atera nahi dutenei haiek alokatzeko aukera emateko.
Lagatuko den lekuan bertan, irailean zabaldu eta ebatziko duten hautaketaren nondik norakoen berri eman zuten Behemendi elkarteko teknikari Juan Kruz Alberdik eta Mikel Zendoiak. Egitasmoaren xedea da nekazaritza jarduera lanbide aukera egokia izan daitekeela erakustea. Horregatik, lagapena hamarkada batekoa izango da, «errenta sinboliko» baten truke. Izan ere, bide honen alde egiten dutenen hutsune nagusia lur falta izaten da, «eta lurra oso garestia da eta askotan ez dute baliabide ekonomikorik. Behemendik lanbidea erraztu nahi die lurra eskura jarriz». Agroaldeei esker, azken bost urteetan 18 ustiategi berri abiarazi dituzte.
Oraingoan, 7.000 eta 10.000 metro koadro arteko azalera duten hiru eremu eskainiko dituzte, jarduera profesionalera bideratutakoak. Bizimodua aurrera ateratzeko neurria hektarea bat da eta bertatik bi lanpostu sor daitezke. Sailak mekanizagarriak dira, ur hornidura dute eta biltegi txiki bat ere badute tresneria edota uzta gordetzeko. Gainera, atari zabaleko baratzaz gain, negutegia jartzeko aukera ere badute, «eta hemen eguraldiak behartzen du».
Produktu ekologikoen ekoizpena eta kontsumoa sustatu nahi dutenez, lehenetsi egingo dituzte baratzegintzara bideratutako proiektuak. Halaber, puntuak banatzerakoan kontuan hartuko dute, bereziki, gaztea, emakumezkoa eta elkartea edo kooperatiba izatea; baina baita bestelako faktore batzuk ere, Oarsoaldean edo inguruan bizitzea, nekazari profesionala izatea, ekoizpenaren dibertsifikazioa, edo sortuko diren lanpostu kopurua, kasu.
Euren jarduera profesionala nekazaritzara bideratu nahi dutenek elkartean aurkeztu behar dute proiektua. Interesdunak beraiekin aurrez harremanetan jartzera deitu zituen Alberdik, ideia bideratzen eta lantzen lagun diezaieten. Horretarako, 943490219 telefono zenbakia edo behemendi@behemendi.eus helbide elektronikoa balia dezakete.
Aukera errentagarria
Azken urteotan Donostialdea-Bidasoa eskualdean mota honetako hainbat eskaintza egiten ari da Behemendi. Alberdik azaldu duenez, «konturatzen ari gara errenta aldetik ogibideak ematen duela eta askotan tristura ematen digu ez daukagulako demanda asko. Beti dago hau buruan daukan jendea, bere baratzea duena, eta langabezian dagoena. Jendea animatzea nahi dugu». Izan ere, eskariak «oso puntualki» jasotzen dituzte, eta, gainera, harremanetan jartzen direnetatik oso gutxik abiarazten dute azkenean proiektua. Hala, datu aldakorra den arren, urtean hiru bat esplotazio martxan jartzen dituzte.
Ogibidea lehen sektorean bilatu nahi dutenen profilari dagokionez, 35-50 urte arteko jendea izan ohi da, batez beste 42 urtekoa. Kaletarrak izan ohi dira, baliabide ekonomiko gutxikoak, langabeak, batzuetan heziketa dute edo lanbide honetan modu ez intentsiboan aritu dira. Gehienbat nekazaritza ekologikoan jardun nahi dute eta salmenta ahalik eta zuzenen egiten saiatu ohi dira, denda txiki, otar nahiz kontsumo taldeen bidez. Teknikariaren hitzetan ezaugarri horiek agerian uzten dute, ez dela «horrenbeste jende gaztea animatzen, baizik bere bizitza proiektua egin nahi duena. Beste lanbiderik ez du aurkitzen, daukadanak ez dio ematen, orduan, salto egin behar du». 40 urtetik beherakoei jauzia errazteko, gainera, hainbat erakunderen aldetik laguntza asko daudela nabarmendu zuen teknikariak. Adibidez, haste hutsagatik, itzuli beharrik gabeko ia 40.000 euroko laguntza jaso dezakete.
Oraingoan esleituko diren eremuez gain, lur bankuko sail gehiago prestatzen ari dira, eskariaren arabera beste lehiaketa batzuetan eskaintzeko. Zehazki, abeltzaintzarako bost hektareako lursaila eta erlezaintzarako 4.000 metro koadroko baso zati bat. Halaber, beste bi lur eremu ere egokitzen ari dira askotariko nekazaritza jarduerak hartzeko. Batez beste, hektarea bateko lursailak dira eta baserri edo etxalde moduko ekoizpen estentsiboetara bideratu nahi dituzte, besteak beste, oilaskoak, landareak edo mintegiak.